Ispiluan: Jo… Jaiobarri emozionalak

Erabiltzailearen aurpegia

Zerbaitek jota hil beharko gara, esaten dot nik. Ze uste dot gauza garrantzitsuagoak dagozala gorputzera zein toxiko sartzen dodan konturatzea, ariketa fisikorako denpora erreserbatzen ibiltzea edo nire pentsamenduak zein motatakoak diran behatzea baino. Puntu eta amaitu.

Gure gizartea gerran bizi omen da. Eta harro esaten dau gainera: “Borrokatu egin behar da!”. Badirudi jarrera hau edo gerlari etiketa hau jakean ez badaramazu etzaudela izarrik. Ez dozuzela Sistemak sortutako zailtasunak benetan bizi. Halan, hauxe da gure egunerokotasuna: norbaiten eta zerbaiten kontra ibiltzea eta, halaber, defentsiban aritzea. Eta ez “goikoen” kontra bakarrik. Geure artean be bai, automatikoki. Adibiderik argienak norberak bere inguruan aurkituko dabezanak dira, baina hona hemen batzuk: hark ni haserrarazi nau (magia bidez beharbada?); arropa labur eta estua badaroazu, ez zara feminista; politikoen egozentrismoaren aurrean biziki haserretzen ez bazara, ez daukazu ideiarik bez; haragirik jan gura ez dozunez, desberdin ikusten zaitut; niretzako hor ez bazagoz, beti zugandik urruntzen naz.

Halakoak ez dira normalean horren zuzen esaten, baina apaingarriak erabili arren (gure burua zuritzeko), horiexek dira mezuak. Gainera, horretariko edozein adibideri heldu-ahotsa jartzen deutsagunez, persona arrazionalak garela sinesten dogu. Baina, hemen garrantzitsua edukia da. Hobeto ikusteko, jarri ume-ahotsa baieztapen bakotxari. Badirudi ume kexati baten eskakizunak dirala ezta? Gauzak norbere gustura egon daitezan. Inposizinoak “goikoek” egiten dituenean kexatu egiten gara, guk be gure jarrereakaz aldamenekoari bardina transmititzen deutsagun bitartean.

Norbere barrenean zer gertatzen dan ikustea baino erosoagoa egin jaku beti kanpora begira bizitzea; sufrimendua norberak ereiten eta indartzen dauala konturatu barik. Halan be, gure barruko ahotsa ezin da isildu. Saiatu egin dira kanpotik be, medikamentu eta drogen bidez gure gorputzak eta kontzientziak isilarazten, anestesiatuz. Alabaina, arazoak ez konpontzeaz gain, ez da lortu gure sena amatatzea. Ez da arrazionala, ez eta ukigarria be. Ordea, ondo sentitzeko behar eta egin gura doguna errealidade bihurtzeko dago hortxe, gugan eta guretzako. Beti.

Frogatu ezazu: senetik abiatuta ezagutu eta zaindu zeure pentseteko era, gorputza eta bihotza. Lehenengo kanpokoagaz hastea ez da ez erantzulea, ezta  eraginkorra bez. Gero bai, lan egin hobetu gura dozuzan egoera eta baldintzen alde. Halan, borrokatu beharrean sortu eizu. Zeozertarako bizi gara. Puntu eta jarrai.