Orain dela aste gutxi batzuk, Gure Señeak elkarteak antolatutako egunean tarte polit bat pasatu genuen etxekoek. Eguraldi ederra, Deriotik ibilbide bikaina, lagunekin solasaldia, umeentzako ekintzak… baina egunaren mamian pisu handiko arrazoia: gaixotasun arraroren bat jasaten duenaren errealitateaz jabetzea. ELA, Cornelia de Lange sindromea, sortzetiko muskulu-distrofia… berdin du gaixotasuna zein den. Mariano, June, Mikele… dute izena.
Orain dela aste gutxi batzuk ere, Gizonezko Aktore Berri Onenaren Goya Saria desgaitasuna duen pertsona batek jaso zuen, Jesus Vidalek, Campeones filmean aritzeagatik. Hitzaldi hunkigarria bota zuen, noizbehinka gogoratzeko modukoa, eta bere hitzen artean, hiru oso garrantzitsuak: inklusioa, aniztasuna eta agerikotasuna.
Euskadin biztanleen % 8k desgaitasunen bat du; eta gure gizarteak, pertsona horien bizitza normalizatzeko, ibilbide luzea aurretik. Bizitza aurrera eramateko erronka denok daukagu; aukera berdintasunekoa, aldiz, bakarrik % 8k dauka. Lagunduko diegu lan horretan?