Ekaitz Goikoetxeak Huntzaren azken diskoan idatzi bezala: ‘…erantzun bila joan baitzara, galderak hemen utzita…’. Horiek datozkit burura, honezkero atzera-bueltarik ez dutenak. Inguruan hutsune hori bizi izan dugunok hamaika aldiz nekatu dugu burua ekidin zezaken pentsatuz… baina hain da konplexua.
Bada zerbait bereziki kezkatzen nauena: EAEn erabaki hori hartu dutenen artean lautik hiru gizonezkoak dira. Gizon naizen heinean, badakit gizarteak ezarri digun sistema eragilearen kontra doala publikoki emozioez hitz egitea, zaurgarri agertzea, laguntza eskatzea. Barne lanketa eta ausardia eskatzen du, baina geroz eta gehiago gara maskulinitate zaharkituaren fatxada hori deuseztatu nahian gabiltzanok.
2022a izan dadila denok honetaz zabal berba egiten dugun urtea; argi-ilunak elkarbanatuz, arrakalak era naturalean azaleratuz.