Ez dakit prozesu honi noiz arte helduko diodan, gainpisuarekin borrokan bizitza osoan aritu ondoren badakidalako bideak gorabehera asko dituela. Alabaina, ikasi dut besteen gorputzen eta ohituren inguruko iritziek inoiz gutxitan laguntzen dutela. Batetik, ez dakigulako pertsona horien barnean gertatzen ari dena, eta bestetik, gure hitzek besteengan neurriz kanpoko eragina izan dezaketelako. Borondate onez egiten dugu konplitua gehienok, baina beti bada jakintsuren bat ‘zure osasunaren alde’ bere iritzia emateko behar aseezina duena. Lodi bat ikustean keinuak eta begirada inkisidoreak egiten dituzten berberak dira. Bada, aizu, nik ere ikusten ditut bestelako hartu-eman toxikoak tabakoarekin edo alkoholarekin, esaterako. Gai hori, ordea, inork gutxik ekarri nahi du erdigunera, badakigulako sentsiblea dela. Soberako kiloak aldiz bai, etenik gabe mahai gainean, zoriontasunaren giltza gramotan neurtuko balitz bezala.
Sare sozial eta irudiaren garaiotan gorputz normatiboaren adorazioak hartu duen garrantziak kezkatzen nau, askoren osasun mentala horren ondorioz usteltzen ari delako. Ni zorioneko naiz, inoiz ez naizelako nire gorputzarengatik baztertuta sentitu; baina badakit hein handi batean gizonezkoa naizelako ekidin dudala. Biziki sufritzen duten horiengatik eta etorriko direnengatik momentua da desikasteko. Izan gaitezen enpatikoago elkarrekin; badakit lodia naizela: badut ispilua etxean. Ez esan erraza balitz bezala irtenbidea gaizki jateari uztea dela. Inbertitu denbora nigan, galdetu nola nagoen… Hori da zutaz gehien inportatzen zaidana niri.