Galdera bagenuen, baina nork gidatu behar zuen lan hori? Han eta hemen ibili ginen galdetzen eta, azkenean, erantzuna begien aurrean genuela konturatu ginen. Zein izango da ba gidaririk onena ezpada Derioko euskara hori batu zuen pertsona baino? Hau da, Iñaki Gaminde Terraza bera.
Sei saio egin ditugu apiriletik abendura, sei saio eta, gutxi gorabehera, 10 bat ordu. Derioko euskara ez ezik, eskola orokorragoak ere izan dira, munduari buruz eta lurrari buruz aritu gara, lokala eta globala bat direla beste behin ere konfirmatuz. Bertako istorioak ikasi ditugu, bertako berbak, bertako ohiturak eta abar: joan zaigun mundu oso bat ikusi dugu, berbetan islatuta. Apal hurreratu gara mundu horretara (informanteei errespetu osoa), apal eta jakinminez. Eta Iñakiren jakintza eta eskuzabaltasunari esker.
Abenduko azken eskola desberdina izan zen. Sorginei buruz egin genuen berba, medikuntza tradizionalari buruz eta sinismenei buruz. Eskolaren akabuan galdera egin genion Iñakiri: gaur egun sorginik al da? Berak baietz esan zuen eta aipatu zuen honako hau: futboleko mundialeko partida dagoen ordu berean, Marikobaso izeneko espazioan 10 pertsona egotea ez al da apur bat sorgin izatea? Kontuan hartu behar da sorginak beti izan direla bazterrekoak, ertzekoak, marjinalak, pobreak. Gu bezala, Marikobasoko sorginen partetik, mila esker Iñaki eta hurrengora arte!