Jende librea herri zoriontsu batean

Erabiltzailearen aurpegia
Igor Elordui, kazetaria

Bai, badakit. Badakit Gure Esku Dago ekimenaren kanta zoragarriaren letrak justu aldrebes diola: Jende zoriontsua herri libre batean. Eta alai eta ozen kantatzen dut, gainera, ederra delako eta hala sentitzen dudalako. Baina agian politikan, bizitzan bezala, bestera da askatu beharreko ekuazioa.

Hil honen 13an EBATZI-Larrabetzuko Gure Esku Dago taldeak antolatuta, Garbiñe Biurrun, Koldo Saratxaga eta Mario Zubiaga –azken hau moderatzaile lanetan– izan genituen jendez beteriko Larrabetzuko eskolako jantokian erabakitzeko eskubideari, zehatzago, erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz berbetan. Nork bere esparrutik eta esperientziatik ekarpen ezin interesgarriagoak, ezin argigarriagoak egin zizkiguten hara joandakooi. Han bota zirenak entzunda otu zait “aldrebeskeria”: jende librea herri zoriontsu batean.

Izan ere, erabakitzeko eskubideari buruz ari garelarik, libre erabakitzeko libre izatea da gakoa. Libre, erabakitzeko non, norekin eta nola bizi gura dugun. Libre, erabakitzeko zein izango den gure izena, gure hezkuntza, gure hizkuntza, gure lan-harremanak, gure nekazaritza, gure industria, gure elikadura, gure bandera, gure ereserkia, gure hiriburua, gure polizia... Pentsatzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko libre. Libre, irabazteko edota galtzeko, baina, batez ere, libre partida jokatu ahal izateko. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea herritar librea izateko eskubidea aldarrikatzea da beste ezeren gainetik. Eta, horrexegatik, dena emana, dena erabakita etortzen zaigun garaiotan, berau gauzatzea askatasun puska bat berreskuratzea eta gure bizimoduaren kontrola, apur bat sikiera, geureganatzea da. Nola ez du, ba, horrek merezi izango? Nola ez du, ba, balio izango? Hain da zentzuzkoa, hain da oinarrizkoa, hain da demokratikoa.

Larrabetzun, martxoaren 19an erabakitzeko libre izaten hasiko garela EBATZI dugu. Inork ez dakielako guk baino hobeto zer den komeni zaiguna eta hortik etorriko delako, etortzekotan, zoriontasuna; herritar bezala lehenengo, herri bezala gero.