Aurten, aurrekoetan bezala, eurentzat urte osorako oinarrizko elikagaiak emongo leuskiezen haziak ereingo leukez, eta gainontzekoaren salmentagaz lortutako dirua falta jakezan elikagaiak erosteko erabiliko leukie. Dilistak, garbantzuak, idarrak eta zalga mingotsa, batez be, ereiten ebazan, bere aitak eta arbasoek egiten eben moduan, bere asaba-herenak 1907an Zisjordaniako lur hori erosi ebanetik. Elikagai horreek oso garrantzitsuak ziran eurentzat, funtsezkoak, jateko produktuak uraren faltagaitik asko garestitu ziralako.
1967az geroztik, Zisjordania okupatu ziranetik, ur gehiena israeldarren kontrolpean egoan. Horreek, gainera, egoera are eta larriago bihurtzeko, hasi ziran iturburuak baliobakotzen, batzuetan betoia gainean botata, iturria guztiz hondatzeko.
Bere aitak, lantzean behin, harro erakusten eutsen bere emazteari eta berari kutxa zahar baten arreta handiz gordetzen eban lurraren salerosketa-agiria. Holan egonda, konturatu zan urrundik berarengana talde bat parajetzen zala, soldadu batzuk tartean, hondeamakina bategaz eta bere parean egoenean, gerturatu bakarrik ez, hara non makina bere lurrean sartu eta hau goldatzen hasi zan! Beraren lurraren barruan!
Bere harriduraz atera ezinik, amorruz, lur ha berarena zala, bakean ixteko eta segidan handik urteteko azaldu eutsen. Baina mehatxu gogorren artean, armekaz apuntatuta, hareen erantzuna aztoramenagaz entzun eban: lur hareek eurenak zirala, Yahvek, euren jaungoikoak, eurei bakarrik emon eutsezalako, eta atoan handik alde egiteko, ezpabere bertan behera hilko ebela agindu eutsoen.
Israelgo estatua 1948an sortu zan, halanda ze, 41 urte Nasserren asaba-herenak lur ha erosi eta gero. 2023ko urriaren 7an, Hamasek egindako atentatuaren egunaren baino lehen, Zisjordaniako palestinarrek hilero 100 eraso jasaten ebezan kolono juduen partetik. Itaun bat: Nori jagoko bidezko defentsaren eskubidea?