Zorioneko egokitzapena!

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Zubieta 2019ko urr. 7a, 11:47

Oporrak joan dira eta badator errutina. Eta ikasturte berriarekin: zorioneko egokitzapena! Lehenengoz eskolara doazen umeek eta haiekin gurasook pasatu behar dugu hortik. Eta denok behar dugu egokitzapena. Nork ez luke negarrik egingo oporraldiaren osteko lan egunetan? Eta helduek horrela erreakzionatzen badugu, zelan sentituko dira zer gertatzen den ulertzen ez duten umeak?

Beste kontu bat da zelan egiten den. Hasieran, gurasoak umeekin batera gelan; ondoren, umeak gelan eta gurasoak atean… Eta horrela ordutegia pixkanaka luzatuz. Nik gauzaren bat aldatuko nuke: gela gurasorik gabeko espazioa izatea. Gurasook gelatik kanpo egon beharko ginateke: umeek gurasoak gelan egotera ohitzen direnerako, desagertzen direla ulertu behar dute bestela.

Bestalde, ordu laurdenez luzatzen joaten den ordutegian ez dira kontuan izaten adin honetan hain garrantzitsuak diren bazkalordua eta lo-kuluxka. Egokitzapen aldian, goizez hiru ordu egotetik  zazpi ordu egotera pasatzen dira. Goizeko ordutegia arinago luzatuta, egokitzapen barruan sartuko genuke bazkalordua, azken egunerako lo-kuluxka bakarrik utziz.

Txarrena, ordea, familia eta lana uztartzeko baldintzarik ezak itotzen gaituela da, eta ezin dugula momentu honetaz familian gozatu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).