Osasuna guztion ahotan dagoen garai honetan, prebentzio mailan egin daitezkeen gauzen artean, euskal dantza dagoela jakinarazi digu Maialen Araolaza fisioterapeutak egindako ikerketak. Eta ondo aztertuta, arrazoia duela esango nuke: dantza eginez, jarduera fisikoa egiten da, harremanak lantzen dira, eta batez ere bizipoza sortzen du pertsonengan. Dantzariak garenok ederto dakigu zer den hori! Baina nik bakarrik momentuko onurari erreparatu diot, eta nire sorpresa izan da etorkizunera begira dakarren onura ezagutzea: dantzarekin arreta eta oreka lantzen direnez, zahartzaroko narriaduraren prebentziorako ere ona omen da, adibidez, erortzeak prebenitzeko.
Egungo egoeran, dantza entseguak gelditu behar izan baditugu ere, etxean lekua egin eta musika apur batekin oinak mugituz, askok ahal bezala ekin diogu… (ikertu beharko dena da auzokoei sortutako kaltea).
Zorionekoak gara orduan txikitatik dantzan gabiltzanok, eta besteak jakizue inoiz ez dela berandu!