Imajinatzea ezinezko egiten bazitzaigun ere, bi urte pasatu ditugu jai barik. Bi urte hauetan osasun erabakiak hartu direla esan da, baina zehaztu beharko litzateke osasun fisikoa bermatzeko erabakiak hartu direla. Izan ere, Munduko Osasun Erakundeak 1946an zehaztu zuen moduan, “osasuna erabateko ongizate fisikoa, mentala eta soziala da, eta ez bakarrik gaixotasunik eza”.
Neurri batean edo bestean, esperientzia honek alde emozionala eta soziala murriztu digu guztioi; eta, zer esanik ez, nerabeei. Gizarteak eragin handia du adin-tarte guztietan, baina bestelako eragina da nerabezaroan: mundua deskubritzen da, kuadrilla oinarrizkoa da eta lagun arteko harremanak beste etapa batzuetan baino biziagoak dira eta eragin handiagoa dute.
Jaiak harreman horiek sortzeko guneak izan dira betidanik. Ez dezagun osasuna oso-osorik garatzeko aukera galdu, izan gaitezen sozialak eta errekupera dezagun galdutakoa! Aitzakia guztiak dira onak: jaiak, kontzertuak, txapelketak, dantzari eguna… Agendak berehala bete zaizkigu. Baina kontuz, entrenamendu falta ere nabaritzen da eta!