Baina negoziazioak eta mahai bueltak hutsak dira haserrea eta ezinikusia gizarte osoaren arazo bihurtzen direnean. Egungo panoraman tendentzia politiko faxista eta ankerrek gorrotoa pizten dute, elkarbizitza, bake eta hitz polit guztiei ostikada emanez. Hitzak hesi bihurtzen dira; askatasuna, preso.
Nola ulertu, bestela, XXI. mendean oraindik ere harresiak eraikitzea? Nola azaldu ume bati Mexiko-AEBetan trabatutakoen egoera? Mila kilometrotik gorako harresia; Europara atea zarratzen duten Ceuta, Melilla, Kroazia, Eslovenia, Bulgariako mugak; herri ez direla gogorarazi nahi dien Sahara eta Palestinarrei ezarritako harresiak; Kurduak zatitzen dituena, Turkia eta Siriakoa…
Azalpena izan daiteke herri eta pertsonen askatasunari gorrotoa/ beldurra? Ez al ginen, bada, mahai bueltan eseri behar, sentimenduak kudeatu, hitz egin… elkarbizitzaren izenean?
Gorrotoaren haziek eraiki dituzte harresiak, hesiak; eta guk loratu eta kolorea emango duten landareen haziak behar ditugu.