Hertzainak taldearen Aitormena abestia harreman baten amaierari buruzkoa zela beti suposatu dudan arren, orain dela gutxi jakin dut drogari agurra zela; hala ere, nire egin dut, eta nire bizitzako une zehatzekin lotu.
Abesti horiek denboran irauten dute, sotiltasunez eta sentsibilitatez beterik daudelako eta entzuten ditugunean irauli egiten gaituztelako. Shakiraren abesti berria, aldiz, minetik sortu da, baina amorrua, txantxa... islatzen ditu. Ez zaitu emozionatzen eta ez dizkizu zuri gertatutakoak gogora ekartzen; dantzatzera, leloa burutik ezin kentzera eta morbora bultzatzen zaitu.
Hain aldakorra den gizarte honetan, zer da hobea guretzat eta gure seme-alabentzat? Gure barruarekin konektatzea eta emozionatzea ala amorrua askatzea? Nolanahi ere, mina adierazteko bi modu dira eta biak onargarriak dira.