Dabid adiskidea orain dozena erdi urte txorierriratu zan sendiagaz, Begoñako pisua alokatu ondoren. Alokatzaileak Afrikako kontinentetik emigratuak dira, hileroko soldata txintxo-txintxo ordaintzen dabenak.
Kontua da, portaleko atso batek argazkiak-eta ataratzen deutsezala bai guraso afrikarrei, baita seme-alaba nerabeei be, hartan be, jadanik euskaraz bikain dakienei.
Uri-safari fotografikoaren aurrean, senarrak -gorputz tantaiko baltz-baltzak- Dabidengana jo dau kexaka. Orduan, Dabid eta Miren emaztea -Bilboko udaletxean salaketa jarri ondorik- portaleko atso horrengana hurreratu dira.
-Zer dala-eta ataratzen deutsezuez argazkiak gure apopiloei, Afrikatiko sendikoei?
-Zergatik? Zuek ezin imajinatu daikezue zer nahaste eta astrapala sortzen daben “horreek” gauero.
-Zer dinozu Kastora andrea? Astrapalak sortu?
-Hara: gauero-gauero, euren siniskeria edo hetxizero kontuetarako zarata besterik ez dabe ataratzen. Hasten dira tan-tana jotzen, errezuan eta dantzan, eta ez da aitaren semerik lo egin daikeenik.
-Asmatu egingo zenduan istorio hori, aizu? Zer dozu bakez bizi diran biztanleen aurka?
-Doazela euren herrialdera! Gure diru-laguntzen kontura bizi dira holakoak!
--Azkenean, zertan amaitu da arazoa? -dinotsat Dabidi.
-Bada, udaleko idatzia hartu dau atsoak sendia baketan ixteko aginduz, zigorrik hartu gura ez badau.
Beraz, irakurle, XXI. mendeko inmigrazioaren tragedia globalean -eta gure artekoan-, dan-dana ez da tan-tana.