Gernikako arbola: euskara on, euskara off

Erabiltzailearen aurpegia
Gernikako arbola: euskara on, euskara off
a: Aritz Albaizar

Aita Lhandek 1910ean esan zuenez, 100.000 euskaldun joan ziren Ameriketara, gehienak Argentinara, 1832-1907ko urte-tartean. Bertan, gero, -dio Lhandek- euskaldun frantsesa> euskaldun argentinar > argentinar bilakatzen da. Aldaketa horren ondorioa ulertzeko adibide argia eskaintzen digu Kepa Altonagak ikerlan bikainean:

  “Buenos Aires-ko Laurak Bat elkarteak diru-bilketa egin zuen Iparragirre bertsolaria Europara itzul zedin, eta, besteak beste, kantaldia antolatu zuen. Euskaldun aberastu asko hurbildu ziren kontzertu horretara euren seme-alabekin batera. Ba, Iparragirrek ordurako euskaldunen himnoa bilakaturiko Gernikako Arbola abestu zuenean, gurasoak negar-zotinka aritu ziren deblauki, eta bien bitartean, belaunaldi gazte dotorea, euskara apenas ulertzen zuena, irribarreka hasi zen emozio horren aurrean”[1].

Gertaera historiko hori aintzat harturik -eta Argentinatik geure inguruko Euskal Herrira etorrita- norberak pentsatzen du, Argentinako gazte haiek ez ote dauden Txorierrin ere. Ea lehengo belaunaldikook jakin izan dugun euskal kontzentzia transmititzen.

Azken baten, gazteriarentzat euskara legala da, karteletan ikusten da, telebista-irratietan entzuten, eta umeek eskolan topatzen dute. Euskal kontzentzia ez da, jadanik, hain beharrezko; “Euskara jalgi hadi plazara”, Etxeparerena, merkatuan dabil.

Kontzentzia, ordea, beharrezkoa da esparru askotan ze, erdara eta euskara ez daude mugek edo harresiek banatuta; euskararen eta gazteleraren mugak geugan daude, gutariko bakoitzarengan. Ondorioz, eguneko une askotan geuk ukitzen dugu interruptora, etengailua, orain on, gero off ipintzeko, orain euskara, gero erdara erabiltzeko. Noiz on eta noiz off euskal kontzentziak, euskaltzaletasunak adieraziko digu. Euskaltzaletasunik ez bada, ahoa  erraz ipiniko dugu off.



[1]   KEPA ALTONAGA: Etxepare Aldudeko medikua, 9.or.