Gabi de la Maza 40 urte garrenean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Goikoetxea 2019ko uzt. 16a, 12:20

Domekako Berrian, 2019ko otsailaren 10ekoan, argazki ederrez, eta orrialde biko elkarrizketan berbaldun agertu zen Gabi de la Maza. Solasaldi horretan, Zihara Jainaga Larrinaga kazetariari erantzuten dio: 

 

–Irakasle aritu zara gehienbat lanean.

–”Soldadutzatik bueltan, irakasle ikasketak hasi nituen Magisteritza Eskolan –gaur eguneko Bilboko Hezkuntza Fakultatean–. Garai hartan, nahiz eta asko maite eta interes handia izan, oraindik ere euskara maila oso baxua neukan. Hasieran, zientzien adarrean matrikulatu nintzen, baina, Juan Luis Goikoetxea irakaslearen eraginez, euskal filologiara aldatu nintzen, egunean bertan”.

Niri, neure izenaren Berriako aipamenak interesa piztu zidan, ze “Juan Luis Goikoetxearen eraginez” zioen Gabik. Neure buruari niotson: bai deigarria 40 urte garrenean ikasle ohiak norbera izendatzea. Are deigarriago neure lau ilobekin –zortzi urtekoarengandik hasi eta laukoarenera artekoekin– YouTubeko abestien artean Gabi de la Mazaren txantxangorria hamaikatxo bider erabili ostean. 

Ehun eta hogei milioi bisitari eta 2.250 kanta-bideo dituen youtuberrarengan “era­gina” izan nuela jakinik, bat-bateko erabakiz, Txorierriko Baserri Antzokian ordaindu nion bazkaria, bide batez elkarrizketa grabatua bilduz.

Urrezko txindorra, ohorezko txantxangorria da Gabi de la Maza. Zorretan nago berarekin, ikasle ohi hain sortzaile oparoarekin, eta ni bezainbat beste milaka euskaldun. Poza da orain 40 urte Magisterioko harmailetan elkarrekin topo egiteari oraingo gailurretik begiratzea. Joan diren urteak bete-beteak izan dituzu. Zure izena izanak bilakatu du ospetsu. 

Har dezagun geuretzat, Gabi, Bernat Etxepare idazle-profetak dioskuna: “Benedika fortuna ala enkontru ona". 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).