Bilboko laugarren institutu legez abiatu hintzen, herritarren eskariz eta ekinez, administrazioaren pasibotasunaren aurrean. Orain, gailurretik lurrera jausi haiz, txabolaz inguratu haute. Jaurlaritzan orain 16 urte egiteko zen eraikuntza berriaz galdetuta, erantzuna: laster! Jadanik, erantzun kronikoa. Laster hori ezetzaren sinonimo berria, larria. Zer hintzen eta non hago!
Dozenaka dira neska-mutilak institututik igaro; ehunka gizartean lanean finkatu; milaka inguruan mugitu. Ordea, non dira ikasle ohiak, txorierritar eta bilbotar haiek? Zertan dira gaur Xabier Mauleonek Gasteizen emandako berba historikoak?: “Txorierrin ikastolarik ez duzuenez, euskarazko institutua eraikiko zaizue”. Hala bete zen hitza orduan. Orain, non dira berbako Mauleonen eta Makua Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren ondorengoak?
Larrabetzun hasi ginen institutuko irakasleon belaunaldia jubilatu gara. Gazteria berriaren txanda da orain. Ondo dakizue euskal kulturaren geroa zeuen orainetik etorriko dena. Eraikuntza berria berez egingo denik ez uste. Hamaikatxo bider entzun dut “niri bost”. Esan dezagun “niri ardura deust”.
Noiz arte Angel Serrano artzain gidaria, institutu-sortzaile ohorezkoa, bakar-ahaleginetan. Errepika dezagun Xabier Amuriza eta Oskorrigaz:
“Geure arima hiltzen uzteko
bezain odolgalduak ez gara!”