Hasteko, indarkeria matxista saihesteko eta honeri aurre egiteko jaietako protokoloak jaigune guztietan izatea oinarrizkoa da. Baina protokoloak bere horretan ez dau ezertarako balioko, ez badau herriko eragileen inplikazinoa eta alkarlana bultzaten. Mugimendu feministak urteak daroaz behar horretan, eta horreri esker, jaietako brigada feministek egiten deuren beharra, kontzientziazinoa eta autodefentsa feminista ezinbestekoak dira: brigadisten sarea, erasoen aurkako telefonoa eta erantzun zuzena, gauetako puntu moreak …
Beste alde batetik, jai-egitarauan dagozan partehartzaile eta edukiak kontuan hartu beharko geunkez. Izan be, jai parekideak gura badoguz, dakarguzan ekin-tzak eta sortzaileak be halangoxeak izan beharko leitikez. Jaiak ondo pasateko dira, jakina, baina jendartearen balioak kontuan hartuz. Beraz, umeen jolasetatik hasi eta gaueko girora, betaurreko moreak jantzi beharko geunkez zer ekarri ebazterako orduan.
Eta, hain zuzen be, gaueko giroan deukogu erronkarik handiena; matxismoa batez be hortxe jartzen dalako agerien, gaueko kontzertu, orkestra, erromeri edo DJen emonaldietan, errepertorioan zein testuinguruetan. Ikusi besterik ez dago, Arrigorriagako jai-batzordearen erabakiak ekarri dauan oihartzuna zein izan dan. Emakumea hipersexualizaten dauen taldea ez kontratatea ebatzi deurenean, aurrez aurre jarri dira “jende asko erakarten dau eta danerik joten deurenez, ez da logikoa kentzea” dinoenak. Aldaketak polemika dakar, baina aldaketa barik matxismoaren iluntasunean jarraituko dogu.
Honek guzti honek zera hausnartzera naroa: zelango jai-eredua gura dogu? Parekidea eta emakumea ahalduntzekoa ala hipersexualizaten jarraitzekoa eta matxista? Jendea erakartzea al da jaien helburu nagusia? Ez ete da, bada, herritarrek ondo pasatea balioak kontuan hartuz? Zeintzuk dira baliook? Jendartea etenbako aldaketan dago eta jaiek be aldaketa horren espilu izan beharko leukie. Tradizioetan aldaketak dagozan legez, jaietan be halan bitez!