Txakurra daukazunetik, betebeharrak ere zure gain hartzen dituzu. Asko dira eginkizun horiek, baina bat azpimarratuko dut. Izan ere, herritar guztion arteko elkarbizitza atsegina izan dadin, txakur-kaka jaso BEHAR duzu. Jabe batzuek, ordea, ez dute hori egiten eta horrek odola irakiten dit, gutxi batzuen erruz, denok ordaintzen dugulako. Eta hori ez dut ulertzen, ez horixe! Ezin dut ulertu nola pertsona batek hainbesteko arduragabekeriarekin jokatu dezakeen.
Lotsa ematen dit herritik ibiltzea eta berdegune batzuetan kakak ikustea. Inoiz, nire txakurrak egindakoa eta aurretik hor daudenak jaso izan ditut. Baina hori ez da irtenbidea. Zein da, bederen? Isunak jartzea? Agian bai, poltsikoa ukitzen digutenean min egiten digutelako, ezta? Tristea, baina horrela da. Irtenbide horrekin ados egongo nintzateke, arduragabekeria zigortu behar delako.