Orduan, baina, nork pentsatu zezakeen gure bizitzeko era goitik behera aldatuko zela? Nork pentsatu behar zuen mundu mailako edozein kiroletako jarduna bertan behera geldituko zela? Nork esan behar zuen Olinpiar Jokoak ere atzeratuko zituztela? Sinesgaitza benetan! Eta dena, mikroorganismorik txikienak eragindako krisialdiarengatik. Izan ere, agian ez zitzaigun horren arrotza suertatuko horrelako krisialdi bat ulertzea tartean, esaterako, interes ekonomiko bat egongo balitz. Baina begi bistan ikusten ez dugun zerbaitengatik? Batek daki.
Alarma egoera ezarri denetik hamaika hausnarketa egin ditut. Suposatzen dut ez naizela bakarra izango, ordu gehiegi ditugu-eta pentsatzeko. Eta konturatu naiz orain arte edo, hobe esanda, kontrolatzen ez dugun gaixotasun hau gure bizitzetara iritsi den arte, erabateko askatasunean bizi izan garela (eta gu konturatu gabe edo behar zuen garrantzia eman gabe). Aske izan gara uneoro edozer gauza egiteko: bidaia bat, afari bat, pertsonak ezagutu… gauza horiek guztiak gabe gelditu gara egun batetik bestera. Gure osasuna jokoan dago, eta beldurrak indar handia dauka. Handiegia. Hobe da zuhurtziaz jokatzea gehiegi arriskatzea baino. Badaezpada.
Baina hemendik aurrera, zer? Ohituta egon gara nahi izan duguna egitera, baina orain, dena aldatu da. Aurrerantzean ezer ez da izango garai batean bezala. Daukagun beldurrak edozer gauza egiteko baldintzatuko gaitu. Ez dakit, jendea ukitu, igogailuko botoia sakatu… Etxean egotera behartu gaituzte, eta okerrena da ez duela ematen krisialdi hau kontrolatuta dagoenik. Luze joko duela egunez egun barneratzen joan gara, baina etorkizun hurbilean, zer? Hobe galdera askorik ez egitea eta oraina bizitzea. Behintzat, koronabirusak hori ere irakatsi dit. Zorionekoa ni.
Koronabirusaren gaineko azken datuak Txorierrin hemen.