Hasi gara ermitaz ermitako bidea egiten. Hona hemen aurreko domekan, azaroak 26, Erandiotik egin genuen lehen etaparen ibilbidea eta laburpena.
Erandioko Andramari elizako hilobian hasi gara. Bertan Martiartuko Martin banderizo gerlaria eta Zamudioko Mayora ei daude XV mendetik.
Goiherrirantz jo eta "desagertuta" ei dagoen San Martin ermita ikusi dugu. Lehen karlistadan Espartero general liberalen tropak hondatu eta harrezkero baserri bihurtutakoa.
Bidez aldatu eta laster Aresti baserri ondotik pasatu gara, bertako bat Colonen lehen bidaian joan ei zen Ameriketara eta bertan hil.
Gure lehen ermitara heldu gara. Santi Mami. Erandio eta Leioako mugan. Zergatik daude inguruko Santi Mami guztiak herri bien arteko mugan? Hona argazkia
Aurrera jarraituz Unibertsitateko eskultura eta inguru bitxitik pasatu gara
Laster San Kristobal ermita eta ondoan dagoen "Madalena" ermitatxoa.
Goiherriko sokatira talde txapeldunaren entrenamendu lekua ikusi dugu. Programan egon ez arren, Tomas Olabarrietaren etxe ondotik pasatu eta bera han zegoela aprobetxatuz bere "altxorra" bisitatu dugu. Hainbeste museo etnografiko egongo dira berak baino pieza gutxiagorekin! Begiratu argazkian gure koadrilak jartzen duen interesa
Martiartura heldu gara. San Antonio ermita eta dorre galanta
Hainbeste konturen ostean berandu egin da eta Andramariturri eta Akarlanda beste baterako utziz artez bueltatu gara Erandiora.