Joan den barikuan, udazkeneko gau hotz honetan, izarren argiaz gidatuta eta ilargiaren irria geurea eginez, eguneko nekea alde batera utzi genuen. Berbalagunok afari-karaokean parte hartzeko prest, geure ahots, euskal kantak eta bihotzekin bat egitea geneukan helburu.
Afaria primeran egon zen, bai jatetxeko giroa oso atsegina zelako, bai berbalagunen joera alaia zelako. Ondo jan genuen eta edan ere bai. Behin sabela ondo beteta, kantatzeari ekin genion. Geure herriko kantak haizean dantzan, askatasuna posiblea zela amets egin genuen eta ametsen esku jarraitzeko kantez bidez geurea dena aldarrikatu genuen. Askotan zaila da baloratzea daukaguna eta gure kultura aberatsa izateaz aparte ametsen bidearen jabea da.
Nota bakoitzean,
letra bakoitzean,
kanta bakoitzean,
herriaren sentimendua
bigun eta irribarre
gugana,
besarkatu, maite, ukitu,
sentitu,
Xabier Leteren arima
laztandu, zaindu,
geure ametsen ildoaren
gidari,
gau berezi horretan
ameslari.