Otsailaren 8an, martitzenez, Bilboko Arte Ederren museoan egon ginen, koadroetan uraren eragina ikusteko asmoz. Bisita gidatua izan zen eta asko ikasi genuen. Zaila da asmatzea urak daukan eragina artean ere. Ura garbitzeko elementua izan daiteke, baina urrunago ere jo dezakegu eta bere bitartez aurrez aurre geure buruarekin topo egin. Orduan, honako galderak datozkigu: honela jarraitzea merezi du ala aldatzeko garaia heldu da? Banatzen gaituen muga zapuzteko beharra daukagu? Berriz uretara begira, haizeak uhinak dakartza gugana, eta galderak, galderak izan beharrean erantzunak dira. Bat-batean aspalditik bila ibili garen erantzunak geure zain daude, irribarreka, pozik… hartzea gure esku dago, beste guztirako ura daukagu!