Sukalki

Erabiltzailearen aurpegia Berbalagun 2012ko api. 30a, 00:00

Eguzkia pertsianatik sartzeko indarrik ez, goizeko lehenengo zurrumurruan loak nire jabe, telefonoa joka kriston salto eman dut ohean. “Berandu egin zait”. -Bai? -Ez dago inor txokoan. -Zelan ez dagoela inor txokoan? Itxoin apurtxo bat eta deituko zaitut bueltan. Oraindik begiak itxita, berbalagun zerrendatik bat aukeratu eta deitu egin diot. Ez du inork erantzun. “Hau be, lotan gelditu da”. Beste zenbaki bat sakatu dut. -Egun on. Gure sukaldaria txokora heldu da eta ez dago inor, joan ahal zara zabaltzera? -Txokoa zabalik dago, gainera garbitzen duen andrea lanean dabil. -Ba ,sukaldariak ez dagoela inor dio. -Beno ba hurbilduko naiz, baina nik hemendik ez dut inor ikusten. Berriro telefonoa. -Txokoan nago eta sukaldaririk ez. Uste dut akats bat egon dela. -Beno ba, ikusiko dut zer gertatu den. Berriz sukaldariarekin. -Non zaude? -Txokoan… -Nongoan? -Zamudiokoan. -Lezamako txokoan da-ta , erratu egin zara. Badakizu joaten? -Ez. Azalpen luze eta zehatza eman ostean. -Ulertu didazu? - Ez. -Hartu egizu autoa, etor zaitez nire bila eta batera joango gara, ondo? -Bai. Gosaldu barik eta haizearen mugimenduak orraztuta, ziztu bizian irten naiz etxetik. Txokora heldu eta lehenengo pausoak eman ditugu, kafea esnatzeko eta jo ta ke lanera. Salda egin, okela prestatu, barazkiak zuritu eta, garrantzitsuena, apunteak hartu. Nekatuta, hamaiketakoari ekin diogu, txistorra eta txakolina, Lekeren txakolina, hain zuzen ere. Ordurako lehenengo berbalagunak heldu dira, eta horien artean, sukalki maisua. Beraz, sukaldariaz aparte, maisua izan dugu. Barazkiak lapikoan eta berbalagun guztiak txokoan, hamaiketakoaren bigarren txandari baimena eman diogu, txistorra, kroketak eta txakolin gehiago. Bitartean, entsaladak prestatzen hasi gara, gildak eta mendrezka. Sukalki aurrera doa eta horrekin batera berbalagunen gosea. Mahaia atondu dugu, beheko sua piztu eta hirugarren hamaketakoari ekin diogu. Okela sutan, usaina ezin hobe. Saldari bueltaka, ogia busti dugu. Lehenengo sukaldari nagusiak, gero laguntzaileak eta azkenik besteak. Baten bat haserretu egin da, horiek ez baitira moduak, baina gatz puntuaren froga ezinbestekoa da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).