Entendiduek bai, baina jakin, bapez.

Erabiltzailearen aurpegia Berbalagun 2014ko ots. 26a, 00:00

Otsailaren 22an Markinako Axpe sagardotegira joan ginen egun pasa. Eguna ezin politago irten zitzaigun, izan ere Markinara heldu orduko giro epela nagusitu zen . Herriko plaza zeharkatu genuen, umeak futbolean, algarak, tabernetako terrazak jendez beteta eta eguzkia zeru urdinean gure gain. Kale estu batetik sartu ginen, trapuak balkoietan, aspaldiko ateak atarietan, zurezko katuak ate hauek zeharkatzen, eta konturatu orduko gure lehenengo helburura heldu ginen, Jose Pablo Arriaga artistaren dendara hain zuzen ere. Zurez landutako hainbat altzari ikusi ahal izan genituen, baina beste artista batekin topo egin genuen, bere anaia Enrike. Gizon txikia, argala, itxura ahulekoa, baina esku landuak eta indartsuak. Astiro Pabloren gorabeherak kontatu zizkigun, honen bidaiak eta lanak. Harrigarria zen luma antzeko gizon hau entzutea, bazirudien berba bakoitzean kriston lana egiten ari zela, eskultura bat lantzen egongo balitz bezala, berba bakoitzean askatasun kolpe bat emanez. Jarraian, Arretxinaga ermitara abiatu ginen, erlijiotasun paganoa kristautasun arimarekin elkartzen den gunera. Harriei buelta emanda gure arbasoen akelarretara hurbildu ginen, sua baino ez zen falta izan. Handik Axperenera joan ginen. Txotx! Upeletako sagardoa gure edalontzietara. Bide luzea, buelta pare bat, kolore polit hori begiratu, ahora hurbildu eta barrura. Prozesua nahi beste errepikatu ostean eta belarriak prest, Axperen istorioak entzuteari ekin genion. Mendiak, haitzak eta sagarrondoak gure aurrean, sagardoaren prozesuaren azalpenak entzuten hasi ginen. Axpek hilabeteko irakaskuntza eman zigun: Sagardoaren Eusko Labela lortzeko “aditu” batzuk joan ziren bere ekoizpen prozesua aztertzera, ENTENDIDUEK. Entendiduek bai, baina jakin, bapez. Zer esan nahi zigun honekin? Teoriko asko daudela praktika gutxi daukatenak eta praktikak ematen digula jakintza. Azken hau gaur egungo edozein eremutara eraman dezakegu. Adibidez, euskaldunen artean, nork ematen dio gehiago gure kulturari, entendiduek ala euskaraz berba egiten duenak? Eta maitasunean? Hainbat teoria, hainbat bide daude baina egin barik ez da ikasten, beraz epaitu beharrean eman dezagun gure hoberena!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).