Euskal Herri osotik joandako mintzalagunak elkartu ziren lehengo larunbatean (maiatzak 31) Izarran (Urkabustaiz). Goizean hasita, egun osoko egitaraua izan zuten, eta eguraldi nahasia ez zen traba izan ondo pasatu, lagunekin elkartu eta mingainak zein gorputzak astintzeko!
Goizeko 11:00etan heldu ziren lehen mintzalagunak Izarrara. Herriko frontoian zain zituzten joaldunak, txalapartariak, bertsolariak eta dantzariak, harrera egiteko. Gainera, eskualdeko mintzalagun batzuek antzerki labur bat egin zuten, euskaldun izateari buruzko umorezko hausnarketa eginez. Ostean, nola ez, sabelak berotzeko hamaiketakoa izan zen.
Mokadutxoa eginda, bi aukera izan zituzten mintzalagunek: askok mendi ibilaldia egin zuten herriko mendi taldeko kideekin, eta beste batzuek jolas mintzodromoa egin zuten frontoian. Izarra ezagutzeko altxorraren bila jolasa prestatu zieten herriko mintzalagunek!
Geroago, mintzalagun guztiak elkartu eta bertso-poteo-kalejira izan zuten Izarran zehar. Ez zen erraza izan artaldea bazkarira bideratzea!
Bazkalostean, Mintza Egunean ohitura bihurtu den sari banaketa izan zen. Mintzalagun egitasmoetan ahalegin berezia edo aipagarria egiten duten lagun batzuek jasotzen dute saria Mintza Egunean, eta aurtengoan bi lagun taldek jaso dute: Gasteizko gaztelagun talde batek, eta Zuiako mintzalagunek. Merienda edo afaria bat egiteko, Arabako produktuz osatutako saski bana jaso zuten, on egin!
Esperientzia berriak izateko eguna ere bada Mintza Eguna. Horregatik, Zuiako mintzalagun eta herritarrek edalontziekin musika sortzeko ariketa antolatu zuten (adibidea: cup song, Altsasuko ikastola).
Eta eguna borobiltzeko, Parradust taldearekin dantzaldia izan zuten!
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).