| Osagaiak (4 lagunentzat): -Pastazko zinta kilo bat -Antxoa lata bat -Olibak (beltzak edo antxoa nahiz piperrarekin beteak izan daitezke) -Letxuga orri batzuk -Piper gorri batzuk -Hirugiharre (panceta) xerra batzuk |
Prestatzeko modua     Lehenengo eta behin, zintak egosiko ditugu ur ugaritan. Bertara gatz apur bat eta olio txorrotada bat botako ditugu. Egosita daudenean, ur hotzetan ipiniko ditugu, guztiz hoztu barik.     Antxoak, olibak eta hirugiharrea txikituko ditugu eta albo batean utziko ditugu. Letxuga juliana erara (zati txikiak eta luzeak eginez) zatitu eta albo batean utziko dugu.     Zartagin batean olioa eta berakatza jarriko ditugu berotzen. Olioa epel dagoenean, hirugiharrea bota eta guztiz frijitu baino lehen aterako dugu zartaginetik (berakatzak gustua emateko baino ez dira).     Hirugiharrea frijitzeko erabili dugun olioa (guztiz erreta ez badago) entsaladaren ozpin-olioa edo binagreta egiteko erabiliko dugu, iragazi ondoren. Aurkezteko modua     Plateraren azpian letxuga ipiniko dugu. Gainean, pastazko zintak ipiniko ditugu ozpin-olioarekin, olibekin, antxoekin eta hirugiharrarekin nahasturik. Horren gainean, antxoa batzuk eta piper gorri zati batzuk jarriko ditugu trabesean. Nahi izanez gero, arrautza egosi zati batzuk edo kaparrondoak ere jarri daitezke. Azkenik, perrexil apur bat zabalduko dugu dugu gainetik. |