Jose Luis Orbe,

Erabiltzailearen aurpegia Lainomendi Taldea 2008ko mai. 16a, 00:00
"Dantzariak izan gara eta jarraitzen dogu izaten" Jose Luis Orbe Dañobeitia. Gurasoak Lezamatarrak, bera Bilbotarra jaiotzez eta bizilekuz. Dantzarien semea eta bera be dantzaria. Dantzen sortzailea be bai. Derioko Lainomendi dantza taldeak 18 urte ospatzeko egin dauazan ekitaldietan harrapatu dogu lagun talde bategaz. Euskaraz egiten dozu Bilbotarra izanda. Gu ikastolara ez ginen joan, ganera eskolan be zigortuta egoan baia etxean ahalegina eginda, ba aurrera atara dogu euskera. Dantzaria izan zara? Dantzaria izan naz eta naz. Nire aita be dantzaria zan eta ohiturari jarraitu neutson. Talde askotan ibilia naz, "San Antonio Bizinai" dantza taldea fundatu genduan, oraindino bizirik dagoana, gero "Oiñaztarri", gaur desagertuta. Deustun "Gaztetxorta", Lemoan, Zornotzan, Ugaon bere ibili naz dantza taldeetan, Seminarion be bertakoei dantzak erakusten. Azkenean, orain dala 45 urte inguru, Erandio Goikoako "Goialden" ibili nintzen luzaro, txistua be jotzen neuan, etxean ikasita, belarriz. Orain jubilatu edo erdi-jubilatu lagun talde bat gara. Danok gara dantzariak, izan gara eta jarraitzen dogu izaten. Erromerietan eta ibilten gara, Iparraldeko jauziak, Nafarroako mutil-dantzak ... Dantzari izatez aparte dantzak sortu be egin dozuz. Bai, batzuk erdi galduta dagoz. "Mendiko soinua" esaterako. Musika partitura baegoan txistularientzat eta aprobetxatu neuan dantza egiteko, pausuak atarateko. Gaur hemen dantza egin dabeena "Udaberri dantza" da. Lehen gehienbat dantza erakusketak egiten ziren, erdi debekatuta egon arren. Ez egoan erromeririk. Orduan asmatu behar izan zan mutil eta neskentzako dantza bat. Dantza horretan baliokideak dira mutilak zein neskak. Bikote bi, hamar, edozein izan leike kopurua, bikoteak osatzeko pareak eginda nahiko da. Azken partean txistulariari omenalditxo bat egiten jako, txistularia erdian jartzen da eta dantzariek inguruan dantzatzen dabe. Hori egin genduan ikusita amaitzen danean txaloak dantzarientzat izaten dala eta txistularia baztertuta lotzen dala. Doinuaren lehenengo partea asmatua da, bigarrena Felipe Arrese Beitiaren bertso batetan oinarrituta dago, guk abestuz dantzatzen dogu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).