KORRIKA-16 OMENALDIA euskalduna jauregian otxailak-7 :19:00

Omenaldi ekitaldiaren eta Bidaia Intimoak dokumentalaren aurkezpena egin da. Edizio honetako omenaldia ez da ohi bezala kultur ikuskizuna izango, Korrika 16ren omenduak protagonistatzat dituen dokumental baten estreinaldia baizik. Protagonistak euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako lau pertsona dira, Korrika 16ren omenaldi beroa merezi duten milaka eta milaka lagunen ordezkari gisa hartutakoak. Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixa. Lau pertsona ezezagun, aktore izan barik eta zinemaren munduarekin inolako loturarik eduki gabe, prest agertu dira Korrika 16ri ekarpen eder hau egiteko. Protagonistak labur-labur aipatzeko esan dezagun Mixele Lapurdin jaio zela, euskaldun, baina ama hizkuntza frantses eskola publikoaren eraginez galdu zuela haurtzaroan. Gaztetan berreskuratu ondoren, gaur egun irakasle dugu Itsasuko AEKn. Rami Aljeriako ber-berea dugu, gaztetan Parisera ikasketak egitera joana. Han ezagutu zuen Goizuetako neska batek ekarri zuen Euskal Herrira eta euskarara, eta gaur egun Goizuetan bizi da, euskaraz. ¬ Jesus Marik euskara izan zuen ama hizkuntza, baina txikitan Ermuan eta gero Gasteizen bizitzearen ondorioz, galdu egin zuen euskara, eskolaren eta kaleko lagunen eraginez. Baina euskaldun eta abertzale sentitzen zen eta horrek bultzatu zuen euskara berreskuratzera, soldaduskatik bueltan. Tereixa, berriz, Galizian jaiotakoa da, baina, beste asko bezala, Bilbora etorri zen lan bila. Ikastoletan irakasleak behar zirela jakinda, berehala hasi zen euskara ikasten eta gaur egun Portugaleteko Asti Leku ikastolan dihardu lanean. Hamaika dira euren modura euskarara hurbildu direnak eta euskaldun asko eta asko lau pertsona hauen bizitzetan identifikatuta sentituko dira, beraiek euskaraz bizi nahi dugunon herrira egindako ibilbidea milaka lagunek egin dutenaren antzekoa izango baita ziur aski. Bidaia intimoak, Jon Maiak zuzendutako eta Orio Produkzioak ekoiztetxeak Korrika 16rentzat egindako dokumentala, larunbatean, hilak 7, arratsaldeko 7etan estreinatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian. Sarrerak bost euroko balio sinbolikoa du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).