Euskalakariak gara munduan euskaraz bizi nahi dugulako eta mundua euskaraz bizi dugulako…
Euskalakaria da, “Niri kostatzen zaidan asko baino nik nahi dut euskaraz hitxegin eta zu niri euskaraz!†esaten duen José.
Euskalakariak dira sarean euskaraz ari diren marituenti eta feizbukari guztiak.
Euskalakari ditützü prefosta, eüskara arraesküratzen eta haurrekin eüskaraz mintzatzen diren Allande ta Maider.
Euskalakari Edurne eta Mohammed, Aste Nagusian elkar ezagututa, euren arteko maitasuna euskaraz gozatzea eta amodioa euskaraz egitea erabaki zutenetik.
Euskalakari dira arauak eta hiztegiak prestatzen orduak ematen dituzten euskaltzainak eta EGA titulua atera ezinik dabilen Mireia.
“Merkealdia†kartela jarri duen Koldo ere euskalakari.
Euskalakaria da bere denboraren zati bat Mintzakide egitasmoari eskaintzea deliberatu duen Eli.
Euskalakari izateko mila modu dago, baina euskararekiko eta gure herriarekiko maitasunak biltzen gaitu guztiok.
Eta ezin da euskalakari izan euskaraz egin barik, euskaraz berba egiten ahalegindu barik.
Euskalakariak gara, euskara maite dugunez euskaraz maitatzen dugun bakoitzean.
Euskalakari, bizitzari txinpartak atera nahi dizkiogulako eta horretarako euskara bizia eta txinpartaduna behar dugulako.
Lana euskaraz egiteko euskararen alde lanean ari garelako.
Euskalakariak gara euskaraz sortzen dugunean, euskara sortzen ari garela sentitzen dugulako.
Hizkuntza guretzat poza eta haserrea delako, barreak eta malkoak euskaraz sortzen zaizkigulako, euskara egunero-egunero, erabiltzen, hobetzen, eraikitzen eta zabaltzen dugun mundu bat delako.
Euskalakariak gara euskaldunok munduan leku bat behar dugula sinesten dugulako, koloreak eta aniztasuna maite ditugulako, Euskal Herri zahar honen iraganari etorkizuna bermatu nahi diogulako.
Euskalakari gara euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen dugulako.
Gu euskalakari, zuek euskalakari, denok euskalakari!
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).