Txorierritik igaro da 18. Korrika parte hartze ikaragarriarekin. Larrabetzutik Enekuriraino, makina bat jende hurbildu zaio herri guztietan. “Eman euskara elkarri” leloa transmititu nahi izan dugu eta erantzunak argi utzi du herritar gehiengoa prest dagoela euskara babesteko eta laguntzeko.
“Badator Korrika” entzun eta jendea martxan hasten da. Lehenik, herritar batzuk hasten dira batzordeak antolatzen, lanak, ideia berriak eta ekitaldiak pentsatzen eta prestatzen... Eta gero, herritar gehiago hurbiltzen da parte hartzera: Korrika aurkezpena (Zamudion), arropa desfilea (Larrabetzu), murala pintatzea (Derion), herriko bazkariak eta afariak... Baita euskara elkarteak ere: antzerkia, zinea eta dokumentala. Eta Bertso eskola. Herri batzordeen ardura eta lanari esker ere jaitxoak antolatzen dira, erakusketak, umeentzako ekitaldiak... Ekitaldi kultural andana ipintzen dugu martxan borondatezko lana eginda.
Udalek ere laguntzen dute baimen bereziak ematen, lokalak uzten eta bestelako lanak egiten. Adibidez, Loiuko Udalak Korrika txikia antolatu du bertako batzordearekin batera. Baina aurten bereziki aipatu behar duguna gazteen ekintza berria da. Txorierriko herri guztietatik pasatuz eta musikaz, kantaz, jokoez eta umore onaz baliatuz, “Pintxopote maratoia” antolatu dute, eta herri bakoitzean, alaitasun eta armonia ederrean, euskaraz bizitzeko bizipoza zabaldu dute, egun bateko jai polita eginez.
Korrika lasterketa bat baino gehiago dela konturatuko zineten dagoeneko. Lekukoa eskuz esku pasatu dugu; horren ohorea batzuek izan dute, baina ondoan egon direnek indarra, ilusioa eta berotasuna eman dute. Tipi-tapa, tipi-tapa, badator Korrika; eta konturatu orduko di-da joan da.
Txorierriko AEKtik denoi eman nahi dizkiegu eskerrak: Zornotzatik etorri den irlandarrari, nekatuta egon arren Enekuri bidean oinez jarraitu duenari, Zamudion muletekin ibili denari, Metroak egin dituenari, klasetik irten eta itxaroten ordu bat baino gehiago eman duten Politeknikako eta Institutuko ikasleei, eskoletako irakasleei, haurrei, eta gurasoei, kilometro erdia erosi duten euskaltegiko ikasleei, enpresei, komertzioari, lagun elkarteei, bide bazterrera hurbildu diren herritarrei eta langileei, harrituta egon diren guiri-ei... den-denei, ESKERRIK ASKO.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).