Tximintxek 5

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2008ko ots. 7a, 17:35

Tximintx euskara alkarteak 5 urte bete ditu. 2002ko abenduan lehen ekitaldia egin bagenuen ere, gure sorrera ofiziala 2003ko otsailean izan zen, Egunkaria zarratu baino egun batzuk lehenago.

Asko dira urte hauetan Tximintxek egin dituenak (eta beste asko egin beharko ditugunak). Hasiko gara banaka-banaka aipatzen.

Egituratzeari dagokionez, hasi ginenean ez genuen ez dirurik, ez lokalik, ez langilerik, ez bazkiderik. Gaur egun, 100 bazkidetik gora Tximintxen, lokala badugu, langile bat daukagu kontratatua lan-jardun erdiaz. 2007an 25.000 euroko aurrekontua izan dugu. Komunikazio tresnak ere baditugu, blog hau adibidez. Egituratzean pauso sakonak eman ditugu bost urte hauetan.

Deriok kalitatezko kultur emanaldiak izan ditu 5 urte hauetan. Hutsune ikaragarria zegoen gure herrian euskarazko kultur emanaldiei dagokienez. Orain bide luzea dago urratzeko, baina 5 urte hauetan egindakoa ez da makala. Deriora, besteak beste, honako hauek etorri dira: Joseba Iriondo, Pako Aristi, Asisko Urmeneta, Edorta Agirre, Ramon Agirre, Juan Mari Beltran, Ainhoa Irazu, Agurtzane Ormatza, Unai Busturia, Txan magoa, Kukubiltxo, Oskorri, Sebastopoleko titiriteroak, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Oihana Bartra, Gorka Ostolatza, Gorka Lazkano, Jon Urraza, Fredi, Xabi eta Itsaso Paia, Zirika zirkus, Koldo Ameztoi, Gorringo antzerki taldea, film laburren emanaldiak, Jon Arretxe, Karidadeko Benta, ...

Kulturgintzari dagokionez, bestelakoak ere egin ditu Tximintxek. Urtero-urtero Olentzaroa antolatu dugu, Ipar-Alde abesbatzarekin batera. Urte hauetan nabarmena izan da Olentzeroren ekitaldiak izan dituen hobekuntzak, eta horrek parte hartzean izan duen hobekuntza. Kanporamartxo ere berreskuratu dugu. Jaia xumea da, baina lehen ere horrelakoxea zen. San Martin inguruan ere bertso bazkaria egin dugu lau urtetan. Derion bertsolaritzak duen plaza ia bakarra da hauxe.

Azkenik, Derioko jaiak aipatu behar dira. Hasieratik antolatu ditugu jaietako kontzertu euskaldunak. Urte hauetan honako taldeak pasa dira Deriotik: Gatibu, Sei urte, Urgabe, Insabern, Berri Txarrak, Kauta, Inoren ero ni, Arazoak 11, Sorkun, Piztiak, Zea Mays, Trikizio eta Basaki.

Baina kulturgintzaz gain, Tximintxek ere bestelakoak egin ditu. Eta haien artean, batez ere, nabarmentzekoa da Berbalaguna. 2005eko irailean jarri genuen martxan. Hirugarren ikasturtea egiten ari da ekimena. Oso emaitza onak ematen ari da. Hasierako urtean 25 pertsonek hartu zuten parte, hurrengoan 36 eta aurton 41 ari dira. Orotara 60 pertsona baino gehiago pasa da Berbalagunetik urte hauetan. Ekintza osagarriak ere antolatu ditugu: mendi irteerak, egunpasak, bazkariak, ...

Derioko berbakera batzeko proiektua ere atera genuen aurrean. Sei ikertzailez osatutako talde batek Derioko berbakeraren gaineko ikerketa eta batzea egin zuen, Iñaki Gamindek gidatuta. Aipatzekoa da talde horretan hiru tximintxkidek hartu zutela parte. Horren emaitza izan zen "Derioztarren euskara" liburu eta CDa.

Ikastaroak ere antolatu izan ditugu urte hauetan. Dantza ikastaroa antolatu genuen, baita bertan behera utzi ere. Kantuz ikastaroak, ordea, zorte handiagoa izan zuen eta urtebete iraun zuen. Geroztik saiatu gara behin baino gehiagotan antolatzen, baina momentuz ezin.

Haur eta gazteen arloan ere egin dugu lan. Ikerketa bat egin genuen 2006an Derioko haur eta gaztetxoen aisialdi antolatuari buruz. Ikerketa horretatik abiatuta, ekimen batzuk jarri genituen martxan, baina azkenean bertan behera utzi behar izan ditugu. Dena den, etorkizunean berriro ekingo diogu gai honi.

Eta ez gaude bakarrik. Txorierrin beste lau euskara elkarte badaude, eta horiekin koordinatuta jardun dugu hasieratik, Totoan federazioan. Federazio honek Aikor aldizkaria argitaratzen du, baita Aikor orainkaria ere. Tximintxek ere hartzen du parte erredakzioan Bestorrene kolektiboaren bidez.

Bestelako lan batzuk ere egin ditugu urte hauetan: Berria egunkariaren aldeko diru-bilketa, euskararen aldeko jaietara autobusak antolatu, Santiago jaietan euskararen egunean lagundu, Txorierriko euskararen egunaren antolakuntzan lagundu, ...

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).