Euskara kutsatu nahi duen tximintxa

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2008ko mai. 15a, 00:00

Berria egunkarian agertutako artikulua.

Tximintx taldeak euskararen erabilera sustatu nahi du egunerokotasunean ez ezik, baita jaietan ere

ibai maruri

Derio


Egunkari hau ospakizunetan dabil aurten, bost urte beteko dituelako datorren ekainean. Baina ez da bakarra. Derio aldean ere garai bertsuan hainbat euskaltzaleren lanak fruitua eman zuela gogoratzen dute. Aurretik zenbait ekimen bultzatu zituzten arren, Tximintx euskara elkartea 2003ko urtarrilean sortu zen. Antolatu zuten lehen ekitaldietako bat, kasualitatez, Euskaldunon Egunkariaren aldeko kontzertua izan zen. Izena inguruetako herrietakoek derioztarrei deitzeko erabili izan zuten berbatik datorkio.

Ezizen horretaz gain, tximintxa edo zimitza heteropteroen familiako intsektu espezie bat ere bada, eta horietako batzuk gaixotasunen sortzaile edo transmisore izan ohi dira. Elkarteko kide den Oihana Astobietaren hitzetan, gutxi gorabehera, derioztarren %30-35 inguruk daki euskaraz. Eta erabilera, gainontzeko herrietan gertatzen den bezala, hiztun kopurua baino txikiagoa da. Tximintxen helburua, beraz, Derion euskara sustatzea da; herritarren artean bere erabilera areagotzea. Alegia, euskararekiko zaletasuna derioztarrei kutsatzea.

Elkarteak parte hartzen duen ekimenik garrantzitsuenetakoa Berbalagun izenekoa da: beste hainbat herritan ere egiten diren euskaldun berrientzako mintza praktikak. Izan ere, gehien-gehienek euskara ez dute beren ama hizkuntza. Honako hau hirugarren urtea da proiektu horrekin bat egin zutenetik. Halaber, umeentzako ekintza bereziak antolatzen dituzte, batik bat giro euskaldunean murgiltzeko aukera izan dezaten.

 

URTEAK BETE. Esan bezala, hiztunen artean gutxiengoa dira herriko euskalkiari eusten diotenak. Horrela, bada, orain hiru urte, Iñaki Gaminderen eskutik belaunaldiz belaunaldi gorde izan den altxor hori bildu, aztertu eta liburu batean jaso zuten: Derioztarren euskara.

Urte osoan gelditu gabe ibiltzen dira. San Martin egunaren inguruko bertso bazkaria, Olentzeroren eguna, Eguberri eta ikasturte bukaerako umeen ekitaldi nagusiak eta abar inoiz hutsik egiten ez duten hitzorduak izan ohi dira. Hilero, halaber, Tximintx eguenak izaten dituzte. Hitzaldiak, ipuin kontaketak, kultur gaien inguruko solasaldiak eta abar luze bat izaten dira ostegun berezi horien ardatz. Aurten, gainera, 5. urteurrena dela eta, aparteko egitaraua prestatu dute. Ekainean, esate baterako, Derioztarrak bost kontinenteetan hitzaldi sortan munduan zehar ibilitako herrikideen esperientziak ezagutzeko aukera izango da. Hilaren 2an hasi eta 6an bukatuko diren jardunaldi horiei amaiera emateko, Jon Maia bertsolariaren bisita izango dute, Apaizac Obeto izeneko abenturaren berri ematera etorriko baitzaie.

1688an Derioko elizateak Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietan jarlekua izatea lortu zuenetik 320 urte bete dira. Orain 25 urte, bestalde, 1983ko urtarrilaren 1ean, Deriok independentzia berreskuratu eta berezko udala eratu zuen. Bilboko zati izateari utzi eta berriz ere herri aske egin zen. Bi gertaera horiek gogorarazi nahi izan dizkie herriko alkateak derioztarrei, eta jaietan are gehiago gozatzeko aitzakia moduan aurkeztu. Festarako deia egiten duen pregoiak aurten horixe du hizpide.

Tximintx elkartea ere, sortu zenetik egin izan duen gisara, buru-belarri murgilduko da sanisidroetan. Konpartsa dute, eta gainontzekoekin batera jaitsieran parte hartuko dute. Txosna ere jarriko dute. Bertatik jaietan ere euskara erabiltzeko gonbidapena luzatuko dute.

Urtero festetako kontzertuetako bat elkarteak antolatzen du. Aurten, Etsaiak eta Betagarri taldeek joko dute Almazene kaleko oholtza gainean. Haiek bukatutakoan Trikiziok girotuko du gaua erromeria doinuekin. Ostiral gauean izango da, hamar eta erdietan hasita.

Horrela, Oihana Astobietak dioenez, sanisidroetan izaten diren bi kontzertu gauetako batean «euskararen presentzia bermatzen da». Izan ere, «ekitaldi jakin batzuetan izan ezik, euskarak toki gutxi izaten du egitarauan». Gehienbat umeentzako prestatzen diren jardueretan entzuten da. Nagusientzat egiten direnetan ia batere ez.

Orain arte, ahalegindu izan dira beste emanaldian ere gutxienez zenbait kanta euskaraz izan zitezen. Batzuetan lortzen zuten, beste batzuetan ez. Udalaren egitekoa zen taldea aukeratzea eta kontratatzea. Aurreneko aldiz, larunbatean euskal musikariek osatutako koadrila batek gustu eta estilo askotako doinuak joko ditu Almazene kaleko agertokitik: Akerbeltz taldea. Gaueko hamar eta erdietan ekingo dio lanari.

Hainbeste jai eta parrandaren ondoren, igandean bukatuko dira aurtengo sanisidroak, Sukalki Egunarekin. Goizean goiz hasita, gisatua zeinek hobeto prestatu lehiatuko dira herritar eta bisitariak. Beste batzuek, bien bitartean, ibilaldi neurtuan parte hartuko dute. Kirola eta sukaldaritza azken egunaren ardatz. Ordura arte eta aurrerantzean ere, derioztarren arteko harremanetan gero eta euskara gehiago entzutearen alde lanean jarraituko du Tximintx elkarteak. Festetan izan, zein eguneroko zereginetan izan.

 

 

 

Gaur

11:30-14:0o: Umeentzako parkea.

11:30-14:00: Ardoa dastatzea. Derioko Ostalarien Elkartea. (Sollube kalean).

12:00: Gazteentzako Ekitaldiak. Skate Pista eta akilu-makuiluak. (Mikel Deuna plazan).

12:30: Marrazki Txapelketa. Odol Argia.

16:30-19:30: Umeentzako parkea.

17:00: Umeentzako herri kirolak eta jolasak Kulki taldearekin. (Probaleku ondoan).

18:00: Marrazki txapelketaren sari banaketa

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).