Txorierriko Izarren Distiran Kukuke antzerki eskola irabazle

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2011ko aza. 16a, 01:00

Aupa zuek!

Aikorren irakurri dugun kronika.



Azaroaren 5ean Izarren Distira! galea egin zan bigarrenez Sondikako Kultur Etxean. Aurreko edizinoan moduan, aretoa leporaino bete zan, eta gure izar gazteak inoiz baino distiratsuago aritu ziran.

Eguraldi-aurreikuspenek ez eben kale egin, eta egun osoan zehar barra-barra ari eban euria. Baina eguraldi txarrak ez eban ikuskizuna ilundu. Sondikako Kultur Etxera txorierritar-andana handi bat hurbildu zan eta sarrerak berehala agortu ziran. Ikusmina nagusi zan publikoaren artean, eta taula gainean aritu ziran gazteek ez eben inor desengainau, talentua sobran dabelako. Galea Nerea Aliasek aurkeztu eban. EITBko aurkezleak profesionaltasun eta erraztasun handiz emon eutsen txandea parte-hartzaileei.
Izarren Distira! Talentu Lehiaketaren Durangaldeako irabazleek euki eben ikuskizunari hasierea emoteko ardurea. Horreen ostean, Txorierriko artistak igon ziran eszenatokira, aretoan bildu ziran guztiei gozarazoz. Galan lau talde izan ziran. Kukuke Derioko taldeko antzezle gazteek mobimentuan ipini ebezan ikusleak, Mamma mia! abestian oinarritutako Ai amatxo! saioa hasi bezain laster. Gainontzeko parte-hartzaileek be dantzatzen eta kantaten parekorik ez dabela erakutsi eben. Halan, Sondikako eta Loiuko neska bik osatutako bikotea, June eta Seiane, bizitasunez eta trebeziaz ibili ziran eszenatikoan zehar, eta Lezamako Zuri beltz taldeak be erritmoa zainetan daroela erakutsi eban. Bestetik, Idurre Sondikako dantzariak aho bete hortz itxi eban publikoa bere mobimentuakaz. Lehiaketaren ostean, eta epaimahaia erabagia hartzen zebilen bitartean, Getxoko galan aritu zan talde batek eta Revolta permanent hip-hop taldeak eskaini eben saioa.

Txalo beroak
Parte-hartzaile guztiek erakutsitako maila eta talentua hain zan handia, ezen epaimahaiak ez eban bape erreza izan erabagia hartzea. “Asko pentsau ostean, Kukuke antzerki taldeari emotea erabagi genduan. Saria emoteko orduan, besteak beste, euskerearen erabilerea hartu dogu kontuan, eta talde horrek Mamma mia! abestia euskerara egokitzen egundoko beharra egin dauala uste dogu”, esan deuskue epaimahaitik. Ha honeek osatu eben: Ugaitz Alegria aktorea eta dantzaria, Xabier Hoo Enkore taldeko abeslaria eta Laura Martinez, Txorierriko Mankomunidadeko euskera teknikaria. Kukuke taldeko kideek bideo kamara bana jaso eben saritzat. Baina ez ziran galearen irabazle bakarrak izan, epaimahaiak zein ikusleek gainontzeko beharra eta esfortzua be aintzat hartu ebezalako. Halan, bigarren Zuri beltz taldea eta Idurre lotu ziran, eta saritzat MP5 bana jaso eben. Junek eta Seianek osatutako bikotea hirugarren gelditu zan; saritzat liburu eta diskoak erosteko bono bana jaso eben.
Pozik egoteko moduko galea eskaini eben Txorierriko izar gazteek zapatu hatan. Aurreko hilebetetan egindako behar gogorrak eszenatokian euki eban isla. Izan be, gazteek 16 orduko ikastaro baten hartu eben parte, galea prestatzeko. Ikastaroa Ugaitz Alegria eta Ylenia Baglietto aktore eta dantzariek emon eutseen, eta han talde bakotxak behar eban alderdia landu eben. Saria publikoaren txalo beroetan topau dabe.
Izarren distira! lehiaketea Txorierriko Mankomunidadeak antolatutako ekimena da. Beste batzuen artean, gazteen sormena piztea, euren arteko harremanak sendotzea eta euskerea eta aisialdia buztartzea dauz helburu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).