Herria martxan, martxa herrian 2012: kronika Aikorren

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2012ko mai. 29a, 00:00



Arratsaldea da, Derioko herriko plaza ia hutsik dago, baina mugimendua igartzen da, jendea bertaratzen hasi da. Kamioitxo baten gainean lagun bi datoz berbetan: bata Txinbo da, Bilboko neskato pijoa, herrian martxarik ez dagoela dio, bakoitza bere etxean sartuta dagoela beti; bestea Tximitxe da, esperantza handiagoa du herrian.
Plazara heldu dira. Jende asko dago aurrean, geldi, isilik. Baina ez du horrela jarraituko. Musika entzun eta zapi laranja jarri dute idunean. Makila bana hartu eta oinez hasi dira, erritmoa jarraituz. Zuberoako erritmoa da izatez, pastoralarena. Plaza erdian zirkulua egin dute, ehun inguru dira eta abesten hasi dira. Bertako Aita-semeak eta zuberotarrez Baratze bat.
Aurrekoak desegiteko asti barik, batzuk sartu dira plazara baloia daramatela, tokeak eginez. Eta laster beste batzuk, baloi profesionala daramatela. Konturatu orduko, banangoaren soinua entzun da eta jende artean atera dira. Hirunaka edo launaka dantzatzen hasi dira. Ez genekien hainbestek banangoa zekitenik.
Txinbo eta Tximitxeren komentarioen artean, neska gazte eta malgu batzuek gimnasia erakustaldia egin dute. Etorriko den aldaketa ez da makala: Nagusien Etxekoak agertu eta saltsa dantzatzeko entrenatuta daudela erakutsi dute. “Espontaneo” batek bere “beat box” emanaldiarekin jendea animatzea lortu du, eta, estiloa aldatuz, emakumeen elkartekoek euren dantzei ekin diete.
Trikitiaren soinu eta globoflexia erakustaldiaren ondoren, plazako jendeak Txoria txori eta Maite zaitut abesten dutela lekua utzi diete Sevillako dantzei. Herri honetan danerik dago eta paraje.
Martxak jarraitzen duela erakusteko, binaka irteten hasi da jendea, bi, lau... ia ez dago denentzako lekurik plazan. Noiz ikusi dugu hainbeste jende polka dantzatzen.



Amaierarantz goaz. Berriro pastoralaren erritmoa, berriro makil hotsa plazan. Guk euskaraz eta Xalbadorren heriotzean izan dira entzungai. Hauek ere entseatu beharko zuten ba!
Txinbok eta Tximitxek pastoralaren erara agurtu dute ekitaldia:

Txinbo:
"Agur ikus-entzuleak,
herria jarri dugu martxan!
itsuek be-esan dezaten
Martxa dago gure herrian!"

Tximitxe:
"Derioko herritarrok,
bi ordu in-doguz ie
gu bagoaz txosnetara
hasi daitela ba jaie"

Apurka-apurka, ilara luzea desegiten joan da. Amaitu da parte-hartzea, inplikazioa handia izan da. Oraingoan egon ezin izan direnak hurrengoan egongo dira. Herria martxan dagoela argi dago, eta herri honetan martxa dagoela.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).