2007an egindakoak

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2008ko urt. 9a, 11:00

2007a amaitu egin da eta 2008a hasi. Balantzea egiteko momentua heldu da, beraz. Labur-labur azalduko ditugu 2007an egindakoak:

- Berbalaguna: urtea 32 berbalagunekin hasi ginen eta amaitu egin dugu 43 lagunekin. Kopurua ederra da (5.000 biztanletik 43, beste herri batzuetan eskandaluzko zenbakiak emango lituzke). Ekintza osagarri batzuk egin ditugu, ez agian nahi beste, baina tira. Horien artean, nabarmendu behar dira Mintzaegunera egindako irteera eta Jurgen Wolf-ekin izandako hitzaldi tailerra. Baita hilero hilero kaleratu dugun kultura agenda ere. 2008. urtea aldaketa urtea izango da. Izan ere, Txorierri osora zabalduko da berbalaguna, horrek dakarren berrikuntza eta abarrekin.

- Kulturgintza: otsailean izan genuen lehen ekitaldia: Kanporamartxo. Urtero legez, antolatu genuen ekitaldi hau. Gainera, leku berrian ospatu genuen, Santi Mamiko landetan. Otsailean beste berrikuntza bat izan genuen: lehen aldiz antolatu genuen film laburren emanaldia Derion.
Martxoa Korrikaren hilabetea izan zen. Horren harira, Txorierriko euskara elkarteok kultur zirkuitua eratu genuen. Emanaldi horietatik bat Derion izan zen, Edorta Agirre eta Asisko Urmenetaren hitzaldia.
Maiatzean, aldiz, Derioko jaiak izan ziren plater nagusi. Urtero legez, txosna paratu eta barikuko kontzertua antolatu genuen: Basaki, Zea Mays eta Trikizio.
Ekainean, aldiz, maiatzean izan behar zen Pako Aristiren hitzaldia izan genuen literaturari buruz. Horrez gain, urteroko zitari kasu eginez, kurtso amaieran umeentzako ekitaldia ekarri genuen. Oraingo honetan Txan magoa. Horrekin Gurea aretoa ere "estreinatu" genuen.
Azaroan ekin genion berriro ere kulturgintzari. Urteroko zita bihurtu den txarribodara paiatarrak etorri ziren. Barre egin genuen gogotik, bai horixe, anai-arreba hauen lepotik (edo lepora).
Abenduan euskararen egunarekin hasi zen. Aurten Derion izan da eta Tximintxek laguntza eman du. Bereziki ederra izan zen bertso-saioa (Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunak batera). Horrez gain, umeentzako ekitaldia antolatu genuen: Sebastopoleko titiriteroak. Eta, zelan ez, amaitzeko Olentzeroa.

- Komunikazioa: aurten blogari inoiz baino gehiago ekin diogu. 116 artikulu idatzi ditugu eta 5.000 bisita inguru izan ditugu urte hasi zenetik. Aikor.com webgune berrituan ere ireki genuen blog honen klona, baina aikorrek bertan behera utzi zituen blogak azaroan, eta ordutik desagertu egin da. Testu dokumentu dezente ere igo ditugu box.net-era. Argazkiak ere, batzuk flickr-era eta beste batzuk aikor.com-era. Oraindik landu ez duguna bideoaren bidea da, aurten hasi beharko, beraz.
Aikor aldizkarian ere hartzen dugu parte. Horren adibide dira Bestorrene kolektiboak idatzi dituen 11 artikulu (edo elkarrizketa). Horrez gain, aikorlagun kanpaina ere hartu eta hartzen ari gara parte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).