Atzo eguena, Tximintx eguena, martxoko Tximintx eguena. Derioko kiroldegian aspaldiko partez. Eta Ekialde Hurbilari begira lehen Tximintx eguenean bezala. Oraingo honetan apur bat hurbil geratu ginen: Palestinan.
Garako kazetari den Martxelo Diaz iruinsemeak eman zuen berbaldia atzo Derion. Iaz Palestinan izan zen bera, brigadista, eta hango egoeraren berri eman zigun: Okupazioa, Fatah, errefuxiatuak, apartheidaren hesia, Hamas, ekintza armatuak, israeleko armada, Nablus, FPLP eta Jerusalem.
Gatazka nahasiaren erradiografia egiten saiatu zen Martxelo, baita balizko konponbide batek beharko lituzkeen erabakiak ere. Palestinarren eguneroko bizitzaren berri ere eman zigun, zertzeladen bidez.