Bederatzi ikus-entzunezko ordubete inguruan
Emanaldi bakoitzean bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira, 2010ean eta 2009an ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko. Hala, Asier Altuna eta Angel Aldarondo bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baina baita oraindik hain ezagunak ez diren Kepa Errasti, Jon Artola, Saio Aizpurua "Txintetilla", Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalera, zuzendarienak ere. Gainera, aurreko edizioetan bezalaxe, 2010.urteko urriaren 30etik azaroaren 6ra Ermuan egin zen Kameratoian, Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyan, sortutako hiru lan sartu dira tartean. Hiru ikus-entzunezko hauek Kameratoiak ezarritako baldintzen arabera eginak daude:
- 18 eta 35 urte bitarteko gazteek eginak dira.
- Lau egunetan grabatu eta editatuak izan dira.
- Gutxienez 5 eta 10 minutuko iraupena dute.
- Antolatzaileek hasieran emandako gai edo aipu bat islatzen dute.
- Lehiaketa hartu duen herriaren zenbait ezaugarri edo lokalizazio agertzen dira.
Bestela ere, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: dokumentala, animaziokoa, sormenekoa, umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak ...