Aikorrizketan ataleko beste ale bat, Juan Luis Goikoetxearen eskutik. Aikorretik hartua.
Behingoz isilik mostradore ertzean. Txorik DEIA, Lukik GARA, astelehenetan ez da BERRIArik. Horretan, bezero piloa.
-Egunon Zipiri!
-Halan ekarri.
-Zer hartuko dozue?
Hartu danak akeita, baina bakotxak era batekoa; guztira 12 kafe mota.
-Nik hutsa.
-Bai! –Zipirik.
-Nik ebagia.
-Baita! –Zipirik.
-Nik ebagi deskafainatua kafe gitxi-gitxigaz.
-Baita! –Zipirik.
-Nik makinako ebagi deskafeinatu epela soja esneagaz.
-Baitte zera bere!
“Eta horrela doa mundua” hamabigarrenera heldu arte. Guztiei entzuten eutsen banan banan eta patzientzia handiz gure tabernariak. Kafe-makinara bihurtzen zanean hasten zan zurrumurrua:
-Hori memoria harrigarria Zipirirena!
Zipirik, ostera, oroimen ona baino esperientzia eukan handia, ortozik ibiliko txakurra zan-eta. Itauntzen eban bakotxari berea atarakeran:
-Hik zer eskatu deustak?
-Kafea kafe gitxigaz.
-Aiko hemen!
-Hik neska?
-Nik deskafeinatua.
-Aiko hor!
Kontua da Zipirik kokoteko zuloan paretan jakona ataraten ebala; bardin eutson kafe gitxigaz eskatu nahi askogaz. Bereizten eban bakarra deskafeinatua eta kafeinaduna ziran.
Bezeroek ahal danik kafe motarik gehien eskatzen eutsien ernegazoteko. Jabearen eta bezeroen artean halako konplizitate maltzurra egoan, kitanuaren eta trikornioaren artean legokeena. Besterik eta bestera zan Txorigazko hartu-emona eta Lukigazkoa. Egunero entzungo zan:
-Niri Zipiri kafea -Txorik.
-Lukik, baina, hainbeste kafe mota eskatzen entzunik, berak be zeozer barria gura dau:
-Nik Zipiri akeita ebakia ahuntzaren esneagaz
Eta Zipirik eskatuak eskatu, betikoa atara deutso.
-Aiko barrabana! –dino Lukik.