Apirilaren 23an hasi zen Irakurri, gozatu eta oparitu Derion. Ekainaren 30 arte izango da martxan. Eta, dagoeneko, apirilean iaz baino euskarazko liburu gehiago atera dituzte Derioko udal liburutegitik. Baina oraindik asko falta dira ateratzeko.
Hiru gauza egin behar dira:
1. Irakurri
Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Derioko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpainak dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.
2. Gozatu
Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu.
3. Oparitu
Azken pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, edo %50ekoa Tximintx euskara elkarteko kidea izanez gero. Liburuak erosi ahal dira Derioko Arinkan, Larrabetzun Literaturia azokan edo Elkarreko dendetan. Guk Txorierriren alde egiten dugu, jakina.