Gaztelumenditik Berreagara

Erabiltzailearen aurpegia Txorierri Ezagutu 2011ko ots. 17a, 00:00

Pentsau deigun egun oso bat daukagula guretzat, egun ezin ederragoa egiten dauela. Ba zer osansuntsuagoa ibilbidetxu bat egitea baino? Gauza bakar bat behar dogu: nahi izatea. Mendi Gailur taldeak Gaztelumenditik Berreagara doan ibilbidea proposatzen deusku. Txango hau Lezamako plazatik hasiko da. Hortik Goitioltzara daroan bidea hartuko dogu eta Goiko tabernako aldapa pasau ostean, Basabaleko bidetik abiatuko gara. Basabaleko baserrian bidea amaitzen da eta guk aurrera doan pista hartuko dogu, Basabale erreka albo batera itxita. Hortik gutxira, Gaztelura doan pistara helduko gara. Hemen ezkerretara Gaztelumendirekin (324 m) topauko gara eta hortik zuzen abiatuko gara bere gailurrera, orain dala gitxi pinu botatako alderditik. Gaztelumendin geldialditxo bat egin ahal dogu, nahi izanez gero, indarrak hartzeko eta bide batez gerra denborako hiru bunker eta 36ko gudan hildakoen aldeko monumentu frankista ikusteko. Gaztelumenditik bidea hartu beharrean, gailurretik mendebalderantza doan bidea hartzen badogu, errepidera helduko gara laster. Bide honi jarraituta, Fika eta Lezama artean dagoen Urruztimeneko mendatera joango gara. Hemen errepidea utzi eta norabide berdina duen pistatik abiatuko gara. Ezkerretara Txorierri bailara daukagu eta eskoatara Mungialdea. Kilometro batzuk egin doguz Gaztelumenditik eta bidea estutzen doa. Ia ez da nabaritzen, baina pitika-pitika Berreagara igotzen hasi gara. Ia hiru ordu pasau dira eta Berreagako gailurrean gaude. Gailurra bera ostalduta dago eta sasiartean dago mendi honen tontorra (364 m). Behin geure helburua bete ondoren (Berreagara heltzea), jatsi egin behar dogu. Horretarako, etorri garan bidetik buelta emon eta handik 15 minutugarrenean, barriro bidexka pista bihurtzen dan lekuan, eskoatarantz jasten dan pistatik joango gara. Pista honetatik Jule auzora helduko gara. Hemendik errepideari jarraituta, Zamudioko Parke Teknologikora helduko gara eta hemendik Lezamarantza joango gara. Egun eder hau honela amaituko da: mendiaz gozatuz eta gainera, atea joka dabilen udarako geure gorputz ederra prestatzen.
Testua: Arantzazu Mendiguren Aikor!05 (2002ko maiatza)

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).