Baina azkar itxuraldatu zaigu mundu hori azken urteotan, plaza berriak bereganatuz. Lehenengoz, apustu-lokalen sorrera eta ugalketa etorri zen, makina txanponjaleak baino ez edukitzetik planeta osoko futbol-partiden emaitzak apustugai eskaintzera arte (bide batez: zergatik ezarri ote da hain azkar VARa goi-mailako futbolean?). Gainera, eskura jarri zizkiguten pokerra gisako karta-joko arrotzak eta kasino kutsuko beste zenbait denbora-pasagarri. Azkenik, sekulako publizitate-kanpaina bortitz bezain matxisten bultzadarekin, etxean sartu digute kasinoa, online joko-plataformak baliatuz.
Horrek guztiak adikzioa dakarrelakoan, salaketa-ekintzak hasi dira antolatzen; izan ere, izenburua urtarrilean Ondarroan zintzilik ikusi nuen pankarta batetik mailegatu dut. Otsailean, hitzaldi jendetsu bat izan da Galdakaon, protestak gertatu dira Gasteizen, eta gaia Legebiltzarreraino iritsi da. Txorierrin ez dut oihartzunik nabaritu, ordea.