Etxeko lanekin gora eta behera ibiltzen ginen sasoi hartan ere bai. Batzuetan bereziki astunak ziren, eta asteburura arte luza zitezkeen. Baina behin, ikasturtea hasi eta berehala, tutore berriak galdetu zigun noiz nahiago genuen lanak agintzea: astelehenetik egunenera, eta asteburua libre; ala aste barruan lanik ez eta den-dena barikuan metatu asteburuan egiteko. Gainera, dedikazio-tarte maximo bat ezarriko zitzaigun lanak egiteko; eta egin ezean, amaitutzat eman genitzakeen, larritu barik.
Asteburuak libratzea erabaki genuen aho batez, noski. Beste ikastetxeetako lagunek flipatu egiten zuten: “Zelan, bada, ez duzue etxerako lanik asteburuan?”. Eta gu ere harrituta, haiek bazeuzkatelako! Atzera begiratuta, jokaldi burutsua egin ziguten: etxerako lanak egiteko ardura gure gain hartu genuen, eta inor baldar edo makal ibiltzen bazen, asteburua izaten zuen berreskuratzeko.