Jone Goiri, Ane Baraiazarra eta Amaiur Holgado txorierritarrak Laboral Kutxa Emakume Master Cup 2017ko final laurdenetara klasifikatu ziren Emakume Pilotarien II. Topaketan, Larrabetzun. Saio honetan hurrengo bikoteak izan ziren garaileak: Paula Iturbide-Amaiur Holgado, A multzoan; Jone Goiri-Ane Baraiazaharra, B multzoan; Lucía Fonseca-Iratxe Ibarra, D multzoan; eta Paula Fuentes-Marian Trigo, E multzoan.
Larunbat eta igandean 500 lagun inguru izan ziren herrian. Larunbatean Txokoan Emakume Elkarteak askotariko ekitaldiak antolatu zituen egun osoan zehar. Igandean, 200 pertsona inguru izan ziren pilota partidak ikusten. 24 pilotari eta 12 bikote izan ziren jokoan: nafar bat, zazpi katalan, valentziar bi, granadar bat, asturiar bat eta hamaika bizkaitar izan ziren lehian.
Urtarrila eta otsailean zehar bestelako kanporaketak egingo dira. Finala martxoaren 5ean izango da, Zornotzako Udal Pilotalekuan, 12:00etan, Emakume Langilearen Egunaren astean.