Bulegoko uniformez jantzita, Artatza parkeko ateak ireki dizkigu Jokinek. Hogeita hamairu urte eman ditu suak amatatzen eta arazoak ebazten. Gezurra badirudi ere, hasiera batean elektrikari-laguntzailea izan zen, alarmak ezartzen zituen enpresa batean, eta bizitzak 180 graduko itzulia eman zion egun batetik bestera. Argiketari lanak egin baino lehen, ume txikia izanik, suarekin lehen kontaktua izan zuen, bere etxean sute bat eginez. “Amen batean suhiltzaileak etorri ziren. Ikaragarria izan zen. Mundu hark aho bete hortz utzi ninduen. Heroiak ziren”, azaldu du Leioako bulegoan. Momentu hartan etxeko mehatxuak labur geratu zitzaizkio eta Bizkaia zaintzeari eskaini dio bizitza.
Elektrikari lanetan egonda, langabezian geratu zen, eta lagun batek suhiltzaile izateko oposaketak egitera animatu zuen. “1982an Bilboko eta Foru Aldundiko oposaketak egin eta biak gainditu nituen. Diputazioko plaza aukeratu nuen”. Horrela, 1983ko azaroan Galdakaon hasi zen lanean (gaur egun Basaurin dago basea). Hemeretzi urte eman zituen lanean, eta kabo postura aurkeztu zuen bere burua. Hamar urte eman zituen kabo bezala Derioko suhiltzaileen parkean. Azkenean, Hirugarren Zonaldeko postua eskuratu zuen Leioan, inspektoreorde bezala.
Bizkaian 400 suhiltzaile inguru daude, eta parke handiak Urioste, Artatza, Basauri eta Iurretakoak dira. Artatzan 60 pertsonak egiten dute lan (58 gizonezko eta emakume bi), eta suhiltzaileen lantaldea bederatzi pertsonak osatzen dute: Kabo batek eta zortzi suhiltzailek. Inspektoreorde eta suhiltzaileen arteko harremana lan harremana baino askoz gehiago da: “Zorte izugarria izan dut bizitza osoan: Derioko parkeko lankideekin harreman oso ona neukan, eta Leioakoekin gauza bera esan dezaket”, adierazi du larrabetzuarrak.
Artatzako zonaldeak Fenix 3 izena dauka irrati jargoian: “Fenixa errautsetatik irteten den hegaztia da, beti bizirik”, azaldu du inspektoreordeak. Lanbide honetan denetarik ikusi dute suhiltzaileek: istripuak, animalien erreskateak, uholdeak… Elkarrizketaren momentuan isiltasuna nagusi da bulegoan. Ordenagailuko bentiladorearen zarata baino ez da entzuten. “Edozer gauza gertatu daiteke edozein momentutan”. Hala, da, sirena zarataka hasten bada, bertan behera utzi beharko genuke dena. Erne ibili behar dira suhiltzaileak eguneko 24 orduetan, sorpresen zain.
Iraganeko mamuak
Suhiltzaile lanpostuaren alde guztiak ezagutu ditu Jokinek. Mailarik baxuena suhiltzailea izatean datza, eta hurrengoak kaboa, sargentoa, inspektoreordea eta ofizialak dira. Jokin gertakarietan eta bulegoko lanetan izan da, suak itzaltzen eta suhiltzaileen lanak antolatzen. “Zenbat eta ardura gehiago, orduan eta hobeto ikusten dira gauzak kanpotik”, adierazi du. Esperientzia gutxi zueneko garaiek oroitzapen politak eta nostalgia dakarzkio. “Behin baino gehiagotan bizitza arriskuan jarri dut, eta sekulakoetan izan naiz, suteen bihotzean”.
Denboran atzera eginez, sekula ahaztuko ez dituen gertaerak burura datozkio Jokini: “Galdakaon nengoela, istripu batean zauritu bat atera izan nuen ibilgailutik, eta anbulantziarako bidean eskuartean hil egin zitzaidan”. Era horietako irudiek gogor astintzen dute suhiltzailearen memoria. “Kontzentrazioa gakoa da gure lanbidean, eta nahiz eta egoera desatseginak izan, aurrera egiteko prestatzen gaituzte, lana ahalik eta era egokienean egiten. Elkar babesten dugu”.
Guardia eta bitartekaritza egunak dauzka Jokinek. Guardia egunak 24 ordukoak dira, eta basean bizi behar da, zentzu literalean. Horretarako daude guardia buruak. “Diputazioko langileen ordu kopuru berbera daukagu eta guardien arabera egun batzuk dagozkigu. Hala ere, pribilegio askori uko egin behar diegu: Igandeak, Aste Santua, jaiegunak...”. Exigentzia eta antolaketa handia eskatzen duen erantzukizun handiko lana da. Horrela, guardia egun arruntetan errutinak dauzkate: materialen prestaketa eta errebisioak egiten dira lehen orduetan. Ondoren ibilgailuekin maniobrak egiten dituzte: gaurko kasuan, eskala kamioia atera eta teilatuko sute-simulazioa egin dute. Arratsaldeetan prebentzio eta mantentze-lanak egiten dituzte.
Horrez gain, gimnasioa eta pilotalekua dago Leioako parkean: “Sasoian egoten saiatzen gara, azken batean lanak horrela eskatzen duelako. Horretarako monitore batzuk dauzkagu”. Gainera, zerbitzuak azterketa fisikoak egiten ditu, bi urtetik behin 50 urte arte, eta urtean behin 50 urte gorakoentzat.
Bitartekaritza lanen egunetan logistika-lanak egin ohi dira: materialak lortzea, koordinazioa bestelako parkeekin, istripuetako autoak simulatzen dituzten ibilgailuen eskaerak (autoak desegiten dituzten tokira deituz eta bitartekaritzaz arduratuz), guardien antolaketa...
Etsai nagusiak
Suteak dira suhiltzaileen erronkarik nagusienak, mendi-suak bereziki. “Sopelakoa izugarria izan zen. Guardia osagarriak eduki genituen eta errekamarako suhiltzaileak erabili behar izan genituen % 100 ematearren”, gogoratu du Serrak. Esaten da uda dela urtarorik gogorrena, baina usteak erdi ustel, udazkena baita: “Lurra siku dago garai horretan, eta hego-haizea nagusi da: suterako osagarri funtzeskoenak”. Azkena Sestaon izan zen duela hilabete bat. “Parke guztia bertan izan zen jo eta su lehen ilaran, neu barne, sua itzaltzeaz gain ebakuazio ugari egin behar izan zirelako”.
Suteez gain ziklogenesiak, haizeteak eta alarma laranjak bezalako gertaerak daude. Egun horietan telefonoa sutan dago (zentzu metaforikoan), ezbehar ugari sortzen direlako. “Askotan, suhiltzaile kopurua baino ezbehar gehiago gertatzen dira, eta gainontzeko parkeekin elkarlanean aritzen gara, ezbeharrak larritasun mailaren arabera sailkatuz”.
Momentu honetan Asiako liztorren garaia da. Joan den urteko sasoia otsailera artekoa izan zen eta aurtengoa martxoan hasi zen. “Lehen urteetako udak oso gogorrak izan ziren, arazoari irtenbidea emateko eragozpen asko zegoelako”, azaldu du Jokinek. Hori dela eta, Udalak formatzen hasi ziren suhiltzaileek Foru Aldundiko Basalan enpresaren bitartez, eta harrez geroztik suhiltzaileen lana eskola, nagusien egoitzetan edota argindar dorreen inguruetako habiak kentzeaz arduratzen dira. “Batzutan kiskaltzen edo pozoitzen ditugu. Beste batzuetan, ordea, unibertsitateko ikerketak egiteko batzen ditugu, behar bezalako teknikak erabiliz”.
Suhiltzaile izateko gogoa duen edonor balio duen galdetzen zaionean, Jokinek zalantzak dauzka. “Gaur lehen baino zailagoa da: sasoian egoteaz gain, guztiz prestatuta egon behar da psikologikoki. Asko ikasi behar da”, aitortu du. “Barrutik ikusita, zerbitzuak iniziatiba eta ikasteko gogoa eta elkarlanean aritzeko kapazitatea bilatzen du, eta behin oposaketak gaindituta, hiru hilabeteko formazioa egin behar da, lanbide honetan etengabe ikasten baita”.
Umezaroko lehen sutetik gaur egun arte ezbehar asko ikusi ditu Jokinek kaskoaren bestaldetik. “Hala ere, lan polita bezain aberasgarria da, lanbidea baino, gustura egiten dudan zerbait, eta hori parkea bisitatzen duten eskoletako umeen irribarreetan ikusten da”. Egunero erronkei aurre egin behar diete, eta horren truke gizartearen esker ona eta mirespena jasotzen dute suhiltzaileek, haiek baitira suari gure ordez aurre egiten dietenak.