“Poz-pozik nago”, esan digu Larrabetzuko idazleak. Hala ere, estreinaldia gazi-gozoa izango da Berasategi duela gutxi hil delako. “Oso triste da; omenaldi bihurtuko da”.
Azaldutakoaren arabera, proiektua orain dela urte bi hasi zen mamitzen. “Ipuin hori aukeratu zuen, kolore asko erabiltzeko aukera ematen ziolako. Eta hori oso erakargarria da marrazkilari batentzat. Izan ere, istorioa Txinako jolas-parke batean gertatzen da eta hainbat herrialdetako umeak azaltzen dira bertan”.
Totik pelikularen zati batzuk ikusi ditu eta aipatu digu izango duen harreraren zain dagoela. “Ikusmin handia dago, marrazki bizidunak egitea oso prozesu luzea delako, eta garestia. Ea zer gertatzen den!”. Argumentuari dagokionez, liburuan agertzen ez diren pasadizoak gehitu dituztela esan digu, “liburukoarekin ez zelako nahikoa, ordubeteko pelikula egiteko”. Filma euskaraz estreinatuko da Euskal Herrian, eta gaztelaniaz, Estatuan.
Nur bilduma oso arrakastatsua da gaztetxoen artean, eta maiatzean argitaratu da bildumako azken liburua: Nur eta Irlandarako bidaia. “Bildumaren hamahirugarren liburua da eta, egia esan, ez nuen Nurren abenturei buruz gehiago idazteko asmorik. Baina ikastetxeetara noanean, azoketara… berari buruz galdetzen didate gaztetxoek, eta beno… jarraitu beharko da!”.