Horretarako, zelan ez, pilota jaialdia antolatu zuten barikuan, ekainaren 2an. Guztira, 32 neska-mutilak ibili ziren pilotan jokatzen bertan. Bitartean, kopaua eskaini zen Larrabetzuko frontoian, umeek eta senideek indarrak berritzeko. Kirol saioaren ostean, gaztetxoek marrazkiak egin zituzten, bakoitzarentzat Olarretak zer den irudikatzeko. Elkarteak marrazki guztiek osatutako mural bat egingo du.
Hurrengo egunean, ekainaren 3an, palaren txanda izan zen. Olarretakoak Morgara joan ziren pala jaialdia egitera. Partidak bukatu zirenean, herri bazkaria antolatu zen eta ostean, herri kirolak eta antzinako jolasak egin ziren. Elkartekoen arabera, 100 lagun inguruk hartu zuten parte bazkarian eta jai-egunean. “Oso giro polita egon zen egun bietan. Larrabetzu herri txikia izan arren, giro itzela dago. Zoragarria da”, esan digu Erlantz García pilotariak eta Olarreta elkartearen kirol koordinatzaileak.
“Urtea oso polita izan da. Batetik, lehia gure helburua ez bada ere, garaipenak lortu ditugulako. Baina batez ere, neska-mutil pilo bat dauzkagulako eta gero eta jende gehiago harmailetan ikusten ditugulako. Gure ustez, horrela lantzen dira harrobia eta pilotarako zaletasuna. Oso pozik gaude”.