Irabazleak ordubete, hogeita hamalau minutu eta berrogeita lau segundo eman zituen 59,5 kilometroko ibilbidea egiteko. Lehia handia egon zen lasterketa osoan zehar eta azkenean esprintean erabaki zen txapelduna. Dorronsororen atzean, Lander Lartitegi (Basati Bike) eta Mikel Agirrebeitia (Ekin) sartu ziren helmugara. Txomin Aiartza larrabetzuarrak 12. postuan bukatu zuen lasterketa. Guztira 190 txirrindularik hartu zuten parte proban.
"Oso arrakastatsua izan da. Txirrindulari pilo bat aritu dira lasterketan eta jende asko ibili da ikuskizuna zuzenean ikusten. Kirolariak, taldeetako zuzendariak, Federazioko kideak eta antolatzaileok poz-pozik agertu gara. Izan ere, lasterketa oso ikusgarria da, txirrindulariak Andra Mari kaletik hiru aldiz pasatzen direlako eta kale hori harrizkoa delako. Gure ustez, erreferentziazko lasterketa da gurea gaur egun Euskal Herri mailan", esan digute Mikel Artetxe txirrindulariaren zaleak taldekoek.
Aurten aldaketa batzuk egon dira lasterketan. Esate baterako, iaz Bizkaiko txirrindulariek hartu zuten parte saioan, baina aurten Euskadiko Txirrindularitza Federazioak babestu du lasterketa eta Gaztetxo Kopa ere jokatu da bertan. Beraz, Euskal Herri osoko gazteek hartu dute parte Larrabetzuko lasterketan. Era berean, iaz mutilen zein nesken mailak jokatu ziren eta aurten, mutilena bakarrik. Hala ere, lau neska ere egon dira lehian. “2010ean Jesús Loroño lasterketa egiteari utzi zitzaion, baina Mikel Artetxe Urban Race lasterketari esker, txirrindularitzarako zaletasuna berreskuratzen gabiltza herrian. Gainera, Txomin fin ibili zen eta argi eta garbi utzi zuen etorkizun handiko kirolaria dela”. Antolatzaileek eskerrak eman dizkie Larrabetzuko Udalari eta boluntarioei, lasterketan emandako laguntzarengatik.