Etxahun Lekuek irabazi zuen Tolosako final laurdena

a: Alberto Elosegi / iturria: XDZ 2017ko urr. 16a, 10:12

Zapatuan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko seigarren eta azken final laurdena izan zen Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta bertan 1.250 lagun bildu ziren. Maddalen Arzallus, Jon Maia, Eneko Lazkoz, Beñat Lizaso, Xabat Galletebeitia eta Etxahun Lekue aritu ziren bertsotan, Ion Zalduak proposatutako gaiei erantzunez. 

Etxahun Lekue larrabetzuarrak lortu zituen puntu gehien eta Tolosako saioa irabazita, azaroaren 4an Maule-Lextarreko finalaurrekoan kantatzeko aukera lortu du zuzenean. Gainera, azken final laurdena izanik, hurrengo fasera pasa diren 18 bertsolariak ere ezagutu dira. Finalaurrekoetan hauek arituko dira: Alaia Martin, Jon Martin, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Unai Agirre, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Jon Maia, Jone Uria, Nahikari Gabilondo, Miren Artetxe, Beñat Iguaran eta Aimar Karrika. Horiei duela lau urte finalista izandako sei bertsolari batuko zaizkie: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina.