Zubiaur, Sagarna eta Sanz larrabetzuarrak, sailkatuak

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 24a, 11:24

Lehengo asteburuan, urriaren 21ean, Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren Lehen mailako kanporaketak jokatu ziren Santurtzin eta bertan larrabetzuar batzuek jokatu zuten. Alaia Sanzek, Mari Carmen Zubiaurrek eta Nerea Sagarnak sailkapena lortu zuten; Junkal Gonzálezek, ordea, ezin izan zuen kanporaketa gainditu. 

Emakume Master Cup emakumezko pilotarien arteko txapelketarik garrantzitsuena da. Aurten, lehendabiziko aldiz, buruz buru eta lau t'erdian jokatuko da.

Alaia B multzoan aritu zen, Nuria Telleria berriztarra eta Janire Barayazarra bermeotarraren aurka. Txorierritarrak 10-18 galdu zuen Telleriaren kontra, baina 18-11 irabazi zion Barayazarrari. Era berean, C multzoan Nerea Sagarna sartu zen lehian, Iratxe Ibarra markinar eta Marian Trigo basauriarraren kontra. Nereak ere irabazi zuen partida bat (18-17, Trigori) eta bestea galdu zuen (6-18, Ibarraren aurka). Mari Carmen Zubiaurrek D multzoan jardun zuen Gentzane Alday orozkoar eta Aintzane Ortiz santurtziarrarekin batera. Mari Carmenek partida bat irabazi zuen (18-10, Ortizi) eta bestea galdu (9-18, Aldayren kontra). Azkenik, Junkal Gonzálezek ezin izan zuen aurrera egin E multzoko ligaxkan. Junkalek partida biak galdu zituen: 3-18, Abadiñoko Ainhoa Urienen kontra; eta 6-18, Galdakaoko Irati Ugalderen aurka.

Bestetik, asteburu honetan, urriaren 29an, beste kanporaketa batzuk jokatuko dira Oñatin. J multzoan, Jone Goiri larrabetzuarrak jardungo du, Daniela Vargas mexikarraren eta Laukizko Nagore Bilbaoren kontra. Jone Txorierriko pilotaririk onenetarikoa da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).