Eginbeharrekoetan aldaketa izan zuten lehenengo itzuliarekin alderatuz gero, izan ere, puntua emanda bakarka aritu beharrean, binaka aritu ziren puntutan gaia emanda hirugarren ariketan.
Puntu gehien Colinak eskuratu zituen; 701, hain zuzen ere. Gainerako bertsolariei dagokienez, Gaztelumendik 694,5 puntu eskuratu zituen; Maiak, 675,5; Ibarzabalek, 668,5; Martinek, 668,5; eta Lekuek, 615.
Bigarren itzulia hiru saiok osatzen dute, eta bertan lortutako puntuazioa lehen itzulikoari batuko zaio. Zenbaketa horrek erabakiko du nor izango den abenduaren 17ko finalean. Final horretan zortzi bertsolari arituko dira: 2013ko txapelduna, Amets Arzallus, eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatutako zazpiak. Bigarren itzuliko lehenengo saioa eginda, Lekue sailkapenaren seigarren postuan dago gaur egun. Lehen itzulian, Maule-Lextarreko saioan, 656,50 puntu eskuratu zituen; eta Amurrioko saioan, 615. Orotara, 1.271,50 puntu lortu ditu. Gainontzekoek zer egiten duten zain izan beharko da, beraz.
Hurrengo saioak Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira, azaroaren 26an eta abenduaren 2an, hurrenez hurren.